Herrialde arabiarretako protestak

Tammo buruzagi kurduaren hiletan tiroka sartu da Siriako armada

Milaka lagunen protesta bilakatu da ekintzailearen omenaldia Qamishlon, eta erregimenak bost zibil hil ditu gutxienezDozena bat lagun baino gehiago hil dituzte segurtasun indarrek hainbat liskarretan

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Siriaren menpeko Kurdistan sutan dago. Mashaal Tammo buruzagi kurdua hil zuten herenegun tiroz lagun batzuek etxean —haren anaia larri dago—, eta ondorioak ez dira samurrak izaten ari. Haren aldeko hiletara, Qamishlora, milaka lagun bildu ziren atzo, kurduak eta siriarrak, Bashar al Assaden erregimenaren kontrako amorrua adieraztera—50.000 Siriako Behatokiaren arabera—. Protestak, ordea, erantzun beldurgarria eragin du, Tammori agur esaten hasi eta berehala Siriako armada tiroka hasi baitzen. Une hartan gutxienez bost zibil hil zituela esan du oposizioak, iskanbilak hasi besterik egin ez ziren unean. Ondoren, protesta hiriko kaleetara zabaldu zen. Mustafa Osso Tammoren abokatuak berri agentziei esandakoaren arabera, «protesta olde izugarria eragin du Sirian hilketak», eta «Al Assad, joan, joan!», oihuak nagusitu ziren atzo ere protestatan.

Qamishlon ez ezik beste hainbat hiri kurdutan eta Hims hiri siriarrean ere izan ziren, eta denera gutxienez hamabi hildako, betiere oposizioak emandako datuen arabera. Hiri kurdu gehienetan, berriz, greba egin zuten atzo Tammoren hilketaren erantzun gisa, eta Amudan, esaterako, borroka gogorrak izan ziren segurtasun indarren eta manifestarien artean. Manifestariek Basharren aita Hafez al Assad presidente ohiaren estatua bota zutenean hasi ziren iskanbilak. Adituak esaten ari dira kurduen kontrako errepresioa gogortuko dela datozen egunetan milaka lagun elkartzeko adina indar egiten badute. Orain arte erregimena kurduak lasaitzen saiatu da, oposizioarekin batu ez daitezen.

Baina, hainbat arlotako buruzagiek Kurdistango hainbat ekintzailerekin bilerak egin dituzte azken asteotan, komunikabide kurdu batzuen arabera, Siriako oposizioarekin bat egitea aztertzeko, eta datozen egunetan horren berri ematekoak dira. Kurduen artean joera askotarikoak daude, eta batzuek pentsatzen dute oposizioarekin joatea agenda arabiarraren alde egitea dela, kurduaren kalterako. Siriako Kontseilu Nagusiaren ustez, kurduak oposiziora biltzea erregimena ahultzeko garrantzitsua litzateke.

Ikusteko dago zer gertatzen den. Mashaal Tammok Siriako erregimenaren menpe daudenek bat egitea nahi zuten, eta hainbat buruzagi kurduren kritikak jaso izan ditu maiz horregatik. Edozein kasutan, bera bezala Al Assaden kontra matxinatzen direnek zigorra besterik ez jasotzeko giroan dira, erregimenak ez baitu norabidea aldatzeko itxurarik.

Tammo Etorkizuneko Alderdi Kurduko bozeramailea zen, eta jarraitzaile asko zituen. Siriako oposizioak sortutako Kontseilu Nazionaleko kidea ere bazen, eta taldeko ordezkariek esandakoaren arabera, gainera, kontseiluko idazkari nagusi izateko aukera asko zituen, kurdua izan arren, siriar ororen batasuna eskatzen zuen eta. Berak esana da hau: «Siriako kurduak ez dira banaketa eskatzen ari, nahiz eta Kurdistan baten ideia ametsa duen». Tammok hiru urte igaro zituen espetxean, Siriako erregimena kritikatzeagatik.

Tammoren ingurura herritar asko biltzen zirela-eta hil dutela salatu du oposizioak. Kontseilu Nagusia koordinatzen duen taldeak gaitzetsi zuen atzo bertan haren hilketa. Hassan Abdul Azim bozeramailearen hitzetan, «izugarria» izan da gertatutakoa, baina «erregimenaren gero eta indarkeria handiagoari modu bakezalean erantzun behar dio herriak» .

Nazioartearen gaitzespena

Mashaal Tammoren hilketak nazioartean erreakzioak eragin ditu. Catherine Ashton Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi mandatariak hilketa gaitzestearekin batera, hilketak areagotu egiten dutela Europak Sirian gertatzen denarekiko kezka. «Sirian gertatzen dena amaitzeko neurriak hartzen jarraituko dugu, eta hilketen egileek erantzun egin beharko dute. Siriako Gobernuak indarkeria amaitu behar du, eta trantsizio bakezale eta demokratikoa ahalbidetu».

AEBek ere erantzun dute Jay Carney AEBetako bozeramailearen bitartez, esanez, «irmoki» gaitzesten dutela «modu baketsuan ari diren oposizioko kideen kontra egiten diren erasoak, edonon gertatzen direla». Neurriak nahi ditu hark ere, «Siriako erregimena itotzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.