Hexam Qandil Egiptoko gobernuburuak jarraipenaren alde egin du. Aukeratutako ministroek atzo egin zuten karguaren zina Mohamed Mursi presidentearen aurrean. Guztira 35 ministerio izango ditu Hosni Mubarak agintetik kendu eta gero egindako hauteskundeen ostean sortutako lehen gobernuak, horietako zortzi izango dira estatu ministerioak. «Herriaren gobernua gara, eta ez dugu inolako korronterik ordezkatzen», adierazi du Qandilek prentsaurrekoan. Joan den astean iragarri zuen, gainera, ministroak «teknokratak» izango zirela, eta haiek aukeratzekoirizpide nagusia bakoitzaren «gaitasuna» izango zela. Baina gobernu kideetatik zazpi militarrek aukeratutako aurreko behin-behineko gobernuko berberak dira, eta Mohamed Hussein Tantawi mariskala arduratuko da berriro Defentsa Ministerioaz. Mubaraken Defentsa ministro izan zen Tantawi 1991z geroztik, eta gaur egun indar armatuen Kontseilu Goreneko burua da.
Beste bi ministerio garrantzitsuenetan ere, Atzerri Gaietakoan eta Finantzetakoan, aurreko gobernuko ministroek jarraituko dute: Mohamed Kamel Amrek eta Mumtaz al-Saidek, hurrenez hurren. Qamilek azaldu duenez, gobernu berriak iraultzaren helburuak bete behar ditu: «Egia, askatasuna eta justizia soziala, baina beste erronka garrantzitsu batzuk ere azaldu dira». Ekonomiaz eta segurtasunaz ari da lehen ministroa. Bi gai horiek jarri ditu Kairoko gobernuaren lehentasun gisa.
Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdiko hiru kide daude gobernuan: Osama Yasin Gazteriaren ministroa, Tarek Wafiq Etxebizitza ministroa, Mustafa Mesed Irakaskuntza ministroa eta Salah Abdel Maqsud Informazio ministroa. Gainera, al-Wasat alderdi islamista moderatuko kide bat jarri du Legebiltzarreko Gaietarako Ministerioaren gidaritzan: Mohamed Mahsub.
Salafisten haserrea
Qandilek esan du ministroek ez dutela ordezkatzen ezein alderdi edo erlijioren joerarik, baina salafistak ez datoz bat horrekin. Nour alderdi salafistak jakinarazi du gobernu osaketan parte hartzeari uko egin diola Askatasuna eta Justizia alderdiak «ez dituelako bere promesak bete». Ez du argitu, ordea, zeintzuk ziren promesa horiek.
Mursik bere aholkulari izendatu du Kamal Ganzouri lehen ministroa izandakoa —Mubaraken lehen ministro ere izana da—. Qandil bera ere, ezaugarri tekniko eta independenteagoa izan arren —joera islamistakoa da—, azken urtean militarrek gidatutako behin-behineko bi gobernuetan Uraren ministro izana da.
Matxinadaren eta erregimen aldaketaren ostean ere, militarren esku jarraitzen du botere zati handienak. Konstituzio berriaren sorrera prozesua gidatzen ari dira, Defentsa Ministerioa kontrolatzen dute, eta bozen aurretik parlamentua desegin zuten, botere legegileaz ere jabetuta. Presidentearen eta gobernuaren eskumenak, beraz, mugatuak dira.
Tantawi mariskalak jarraituko du Defentsa ministro karguan Egipton
Hexam Qandil lehen ministroak gobernu berriko kideak aurkeztu ditu; zazpi ministrok segituko dute karguan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu