Tauargatik bideratu zuten, hain justu, Misrataren gaineko bi hilabeteko setioa. 30.000 biztanleko hiria zena supermerkatu erraldoi bilakatu da egun Misratatik bertaratzen diren hamaika familiarentzat. Lapurretari eutsi ondoren, su ematen diete gero etxeei. Jabeak inoiz ez bueltatzea lortu nahi dute horrela. Tauarga, irla berdea amazigh hizkuntzan, hiri mamu bat baino ez da Libiako basamortuaren erdian. Beste bat.
Tripoliko errefuxiatu guneetan topa daitezke handik bizirik ateratako hainbat. Enbarka gaztea Fala auzokoan dago. Mila lagun inguru dira bertan, eraikuntzako langileen barrakoietan. Errefuxiatuon testigantza gordinek kirrinka egiten dute uralitazko tabikeen kontra. Ezinbesteko ahotsak dira gerrako puzzlearen pieza galdu bat berreskuratzeko, Tauargan gertatutakoa alegia.
«Gerra otsailean piztu zenean Misratan zeuden tauargatarrak etxera bueltatu ziren», gogoratu du Enbarkak. «Gaddafik kuartel erraldoi bilakatu zuen gure hiria; egun batetik bestera, zibilak bezainbeste ziren soldaduak».
Enbarkak ez zuen medikuntza ikasketak bukatzeko denborarik izan, baina boluntario aritu zen hiriko ospitalean. Egun ere kanpamentuko kontsultan laguntzen du. «Bonbardaketa etengabe jasaten genuen, eta azken bost medikuek, ipar korearrak denak, uztailaren erdialdean alde egin zuten», dio Enbarkak. «Era guztietako eskasia zegoen: janaria, sendagaiak… ebakitzeak egiteko anestesiarik ere ez genuen».
Bashir Jussef oraindik damu da aipatutako laguntza medikoaren eskasiaz. Bere emaztea Hishako ospitaleraino —Tauargatik 80 kilometrora— eraman izan balu, Jussef aita izango zen gaur, agian. «Gaddafiren soldaduek hiriko errepideak blokeatu zituzten, eta ez ziguten Tauargatik ateratzen utzi. Gure babeserako zela zioten», gogoratu du taxi gidari ohiak. Bere ibilgailua galdu du egun, bai eta hura gidatzeko hiria ere.
Gerra hasi zenetik asko espekulatu da giza ezkutuekin. Egun ere ezin daiteke ziurta zibilak erabili ote zituen Gaddafik erreboltarien eta NATOren erasoak saihesteko. Edonola ere, egoera jasanezina bilakatu zen denentzat Tauargan.
Amesgaiztotik ihesi
Tauargaren gaineko azken erasoa abuztuaren 10ean izan zen. NATOk «hiru kontrol postu eta bi arma biltegi» jo zituen, prentsaurrekoan esan zuenez. Nolanahi, Falako nahiz Tarik Matarreko kanpamentuetako—Tripoli hegoaldean—errefuxiatuak ez datoz bat koalizio militarraren bertsioarekin. Airez erasoak lehenagotik ere egiten zituztela esan diote BERRIAri. Haietako batzuek hiri erdigunea ere jo zuten, betiere lekukoen hitzetan.
Abuztuaren 12an hiri mamua bilakatu zen Tauarga: «Jendeak gure autoa geldiarazten zuen errepide erdian. Gurekin eramateko erregutzen zigun, baina zortzi ginen jada barruan; ezin genuen beste inor eraman gurekin», dio Ahmed Farthinik Falako kanpamentuan.
Antza, haren bizilagun izandako asko oinez saiatu ziren alde egiten. Mohammed Jibril bi egunez ibili zen basamortuan zehar, Hisharaino iritsi zen arte. Ez duinoiz ahaztuko txango hura: «Hirurehun bat izango ginen. Asko lurrera erortzen ziren, nekeak eta egarriak jota, baina nik jarraitu besterik ezin nuen egin. Iraupen kontu hutsa zen hura», dio Jibrilek. Gazteak aitortu du oraindik galdera bera darabilela buruan: «Berreskuratu ote zituzten senideek basamortuan hildakoen gorpuak?».
Hisha herri txikiak babesa eskaini zien Tauargatik bakarka ala multzoka iristen ziren errefuxiatuei. Baina bonbak berehala iritsi ziren Hishara; horrela, ekialderantz, Surterantz jo zuten gehienek. Eta urrunago gutxi batzuek: «Surten familia nuen, eta eurekin gelditu nintzen», azaldu du Ahmad Ualik, «baina baldintza bat jarri zitzaien hainbati euren emazteak eta haurrak eskolan gelditu ahal izateko: kamioietara igo, eta Bregara borrokatzera joatea».
Brega ere azkar hartu zuten mendean matxinoek. Tauargatar asko Surteko setio bortitzean hilko ziren gero. Gutxik baino ez zuten lortu Tripoliraino iristea.
Tripolin preso
«Tripolira iristean 60 lagun sartu ginen apartamentu batean, eta hilabete oso bat egin genuen horrela. Gizonak ahalik eta gutxien ateratzen ziren kalera; emakumeok, inoiz ere ez. Batzuk hondartzan gelditu ziren, hain da arriskutsua kale hauetan ibiltzea guretzat». Tripoliko beltzek azken hilabeteotan pairatu duten pertsekuzioaz ari da Enbarka.
Irailaren 4an honela zioen Human Rights Watch erakundeak: «Beltzen kontrako gehiegikeriek izua sortu dute komunitate honetan». Ildo berean, Amnesty Internationalek oso kasu kezkagarriak azpimarratu ditu berriki, hots, Tripoliko ospitaletik ateratako eta Misratara eramandako gaixo batena. Tauargakoa zen.
Oraingoz, NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak maiz esan du gehiegikeriak oro zorrotz ikertuko dituela, «edonondik datozela ere». Mahmud Jibril Lehen ministroaren adierazpenek, baina, kezka handitzea besterik ez dute lortu: «Tauarga dela eta, Misratako jendeak baino ez du erabakitzeko eskubiderik», esan zuen irailaren 18an, Misratako udaletxeko bilera batean.
Tarik Matarreko kanpamentuan, Mohammed Mabruk errefuxiatuak bideo bat erakutsi digu bere sakelakoan. Iragan asteko irudiak dira. Haietan, dozenaka milizianok gazte batzuk atxilotu, eta eraman egiten dituzte.
Abdula Tarhuni Musa Binuserreko komandantea da. Lekukoek diotenez, kanpamentuan sartutako sei milizietako bat izan zen hura. Denak Misratakoak ziren. Komandanteak ez du iruzkinik egin nahi atxilotuei buruz. Errefuxiatuak inoiz etxera bueltatuko ote diren galderari, baina, berehala erantzun dio: «Tauarga ez da existitzen dagoeneko. Etorkizunean Misrata Berria izango du izena».
Libia. Gaddafiren ondorena
Tauarga berreraikitzen
Gerra aurretik, 30.000 biztanleko hiria zen, baina hutsik dago gaur egun; arpilatze gune bilakatu da hainbat familiarentzat; Gaddafiren kuartela bilakatu zen gerran, eta zibilak adina soldadu zeuden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu