Gerra giroa nabaria izan ohi da Koreako penintsula bitan zatitzen duen gune desmilitarizatuan, 38. paraleloan. Baina azken mehatxuek eta gerra adierazpenek Ipar eta Hego Korearen artean eskala handiko borrokak pizteko beldurra hedatu dute.
Ostegun arratsaldean hasi ziren liskarrak mugaldean; artilleriarekin elkarri eraso zioten bi armadek. Gerra erretolikak jarraitu zuen ondoren. Kim Jong-un Ipar Koreako agintariak "quasi gerra" egoeran jarri du armada, eta soldaduei agindu zien borrokarako prestatu daitezen. Hegoaldeko bizilagunari ultimatuma eman zion Piongiangek: gune desmilitarizatuan jarritako propaganda igortzeko bozgorailuak kendu ezean, "bereizi gabeko" erasoak egingo zituela ohartarazi zion. Larunbatean, elkarrizketak abiatu zituzten.
Hego Koreako Yonhap berri agentziak jakinarazi duenez, elkarrizketa horietan akordioa lortu dute bi herrialdeetako ordezkariek, "tentsioa baretzeko" asmoz.
2004an hitzartu zuten bi aldeek "gerra psikologikoko" taktikak bertan behera uztea. Gune desmilitarizatuan bozgorailuen bidez etsaiaren aurkako mezuak zabaltzen zituzten, mugaz bestaldeko soldaduek eta inguruko herrixketakoek entzun zitzaten. Baina abuztuaren 10ean sistema horiek ezarri zituen berriro Hego Koreak, mina batek bi soldadu larri zauritzean. Ipar Koreak "gerra deklaraziotzat" hartu zuen neurria, eta astelehenean hasi zen hura ere propaganda mezuak zabaltzen.
Iluntzean aurkeztuko dute akordioa, baina, berri agentziak akordioaren puntu batzuk aurreratu ditu. Informazio horren arabera, Ipar Koreak damua adieraziko luke minaren gertakariarengatik, eta trukean, bozgorailuak itzaliko lituzke Hego Koreak.