MUNDUA

Tentsioa handiagotu da Ipar eta Hego Korearen arteko mugan, elkarri artilleria tiroak egin ondoren

Hego Koreako bi soldadu hil eta gutxienez hamalau zauritu ditu Ipar Koreak, haren menpeko uharte batera obusak jaurtiz. Hego Koreak modu berean erantzun dio erasoari eta F-15 gerrarako hegazkinak prestatu ditu, alerta maila gorenera igo ondoren. Koreako Gerraz geroztik (1950-1953) zibilak bizi diren toki baten aurka gertatu den lehen erasoa da.

2010eko azaroaren 23a
13:01
Entzun
Ipar eta Hego Korearen arteko mugan tentsioa piztu da gaur goizean bi herrialdeek elkarri artilleria tiroak egin ondoren. Hego Koreako informazio iturriek azaldu dutenez, Ipar Koreak obus tiroak egin ditu eta Yeongpyeong uhartean Hego Koreako bi soldadu hil eta gutxienez hamalau zauritu ditu, horietako batzuk, oso larri.

Uharte horretan 1.700 korear bizi dira, baina zibilen artean biktimarik ote dagoen ez dute jakinarazi oraindik. Koreako Gerraz geroztik Ipar Koreak zibilak bizi diren leku baten aurka egiten duen lehen erasoa da. Hego Koreako telebistaren irudietan uharteko hainbat lekutan kea ateratzen dela ikus daiteke.

Erasoak erantzun azkarra izan du Hego Korearen partetik, eta horrek ere artilleria tiroak egin eta gerrarako hegazkinak prestatu ditu. Hego Koreak alerta maila gorenera igo du. Yeongpyeong bi herrialdeek itsasoan duten mugatik gertu dago, eta azken aldian hor maniobra militarrak ari zen egiten Hego Koreako armada. Ipar Korearen arabera, gainera, tiro aurrena Hego Koreak egin du, eta horri erantzun egin diote beraiek.

Erasoaren ondoren, bi herrialdeek elkarrekin kudeatzen dute Kaesong industriagunetik bere herritarrak ateratzea aztertzen ari da Hego Korea. Martxoan Cheonan Hego Koreako itsasontzia hondoratu zenetik gertatu den krisirik larriena da gaurkoa bi herrialdeen artean. Hego Koreako presidentearen bulegoan uste dute Ipar Korearen erasoak maniobra horiekin zer ikusia izan dezakeela; izan ere, 70.000 soldadu parte hartzen ari zirelako Ipar Koreak orain dela gutxi protesta gutun bat bidali baitzuen.

Salaketa, batak besteari

Lee Myung-bak Hego Koreako presidenteak orain arte hartutako neurrien ondoren tentuz jokatzeko eskatu du, krisia handiagotu ez dadin. Adierazpen horiek egin ondoren, Hego Koreako ministroekin bildu da Lee bere egoitzaren bunkerrean, eta errepikatuz gero "erantzun gogorra" iragarri dute, euren ustez "probokazio militar garbia" izan delako goizekoa.

Ipar Koreako Gobernuak, berriz, Hego Korea eta AEBak euren aliantza sendotzen ari direla salatu du, Ipar Korearen aurka eraso egiteko. "AEBak Hego Korearekin duen aliantza arlo guztietan indartzen ari dela jakinarazi digute azken aldian, Ipar Korearen aurka eraso bat burutzeko", adierazi du KCNA Ipar Koreako berri agentziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.