mundua

Tepcok ezin du zehaztu zenbat ur erradiaktibo isuri duen Fukushimak ozeanora

Gobernuak egunean 300 tona isurtzen dituela esan arren, Tepcoko bozeramaileak baieztatu du ezin dutela zifra zehatzik eman, eta gaineratu du konpainia "kezkatuta" dagoela zentraleko sotoan pilatzen ari den ur erradioaktiboa dela eta.

Maialen Unanue
2013ko abuztuaren 7a
17:29
Entzun

Japoniako Gobernuaren arabera, egunean 300 tona ur erradioaktibo isurtzen dituela Fukushimako zentral nuklearrak, baina Fukushima zentral nuklearraren arduradun Tepco konpainiak dio ezin dutela zehaztu zenbat ur erradiaktibo isuri duten. Hala baieztatu du Noriyuki Imaizumi konpainiako bozeramaileak. Zentraleko teknikariek atzo esan zuten bost egunen buruan 47 aldiz igo dela Fukushimako uraren erradiazioa. Tepcok kezka agertu du sotoan ur erradioaktibo asko pilatzen delako, eta horri inguruko lur azpitik sartzen den ura gehitzen zaiolako.

Kutsatutako uraren metatzea da zentral nuklearra eraisteko lanen kezka nagusia. Joan den uztailaren 23an Tepcok lehengoz onartu zuen ur erradiaktiboa itsasora iragazten ari dela. Fukushimaren lur azpiko uraren erradiazioa geroz eta handiagoa da, eta geroz eta ur gehiago dago pilatuta: bost egunetan ur kutsatuaren erradiazioa 47 aldiz igo da, hots, litroko ia 56.000 becquerel.

Japoniako Gobernuaren arabera, ur kutsatuaren gehiengoa "zentralaren inguruko guneetan" kontzentratzen dela, eta adierazi duenez, hainbat uhin-hauslek eta dikek babesten dute zentralaren portua, "itsaso zabaletik isolatuz". Egoeraren larritasuna kontuan hartuta, jakinarazi du zentraletik isurtzen den ur erradiaktiboa eusten lagunduko diola Tepcori. Kyodo informazio agentziaren arabera, gobernuak hurrengo ikasturteko aurrekontuen zati bat erabiltzeko eskatuko du, zentralaren inguruko lurra izozteko martxan jarri nahi duten proiektu bat finantzatzeko. 

Ur berriaren kutsadura oztopatzeko lurpean langa batzuk eraiki dituztela jakinarazi zuen Tepcok atzo. Horrela, ur kutsatua edukiontzi batzuetara ponpatu, bertan bildu eta ur berria kutsatzea ekidin nahi dute. Lurpeko langetan ur gehiegi biltzen ari zenez, ponpatze lanekin lehenago hasteko gomendatu zion Tepcori Japoneko Erregulazio Nuklearreko Aginteak. Horregatik, aste honetan ekin dio ur kutsatua ponpatzeari, hasiera batean hilabete bukaeran hasi behar zuen arren. 1.000 edukiontzi ditu zentralak zeregin horretarako, eta jakinarazi dutenez, horien gehiengoa betetzear dago: hori dela eta, adituek gomendatu dute lurra izoztea dela momentuan hartu dezaketen neurririk eraginkorrena.

Fukushimako zentral nuklearreko ezbeharra (2011) Txernobylgo hondamenditik (1986) gertatu den okerrena izan da. 3.500 langilek lanean dihardute krisi atomikoa amaitzeko, baina, oraindik beste 30 edo 40 urte inguru iraungo duela aurreikusi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.