Masataka Shimizu TEPCO Fukushimako zentral nuklearra kudeatzen duen enpresako presidentea ospitaleratu egin behar izan zuten astearte gauean, zorabioek eta hipertentsioak jota. Lehendik ere bazituen antzeko sintomak, eta horregatik ez zuen parte hartu Japoniako Gobernuak eta TEPCOk iragan martxoaren 16an sortutako krisi kabinetearen zuzendaritzan.
Bere azken agerpen publikoa martxoaren 13an egin zuen. Lurrikarak eta tsunamiak Fukushimako zentralaren egituran izandako eragina baloratu zuen ordukoan. Tsunehisa Katsumata egun enpresako kontseiluko presidente denak hartu du, aldi baterako, konpainiaren agintaritza nagusia. Dena dela, Shimizu bere kargura laster bueltatuko delakoan daude.
Joan den martxoaren 11ko lurrikara eta tsunamiaren ostean, hilaren 14an ireki zituen ateak berriro Tokioko Burtsak, eta harrez gero TEPCOren akzioak %71 jaitsi dira. Japoniako Gobernuak enpresa nazionalizatzeko plana prestatzen ari zela ukatu bazuen ere, konpainiako tituluak %17,67 jaitsi ziren berriz azken saioan, akzio bakoitzaren prezioa 3,42 euroan jarriz. Bestalde, Sumitomo Mitsui buru duen Financial banku partzuergoak 17.000 milioi euroko kreditua eman diela iragarri du konpainiak, baina zuzendaritza ez dago ziur mailegu hori hondamendiari aurre egiteko nahikoa izango ote den.
Protestak kalean
Burtsan bezala, herritarren artean ere gero eta onarpen kaxkarragoa du TEPCOk. Ehun lagunetik gora bildu ziren atzo Tokion duen egoitzaren aurrean, Fukushimako zentral nuklearraren hondamendian izaten ari den kudeaketa salatzeko eta «energia nuklearraren amaiera» eskatzeko.
Hain zuzen ere, Fukushima I zentral nuklearretik 11 kilometrotara dagoen Fukushima II zentraleko lehenengo erreaktoretik kea atera zela jakinarazi zuen atzo TEPCOk. Lurrikaraz geroztik, itzalita daude Fukushima II-ko lau erreaktoreak.
TEPCOko presidentea ospitaleratu egin dute, osasun arazoengatik
Fukushimako zentral nuklearra kudeatzen duen enpresaren akzioak %71 jaitsi dira azken hiru asteotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu