«Terrorismoaren aurkako borrokan» elkarlana bultzatzea eta Europako Batasunerako konstituzio bat hitzartzeko bidean aurrerapausoak egitea dira Bruselan atzo hasi eta gaur amaituko den estatu eta gobernuburuen bileraren helburu nagusiak. EBko kide diren 15 herrialdeetako agintariek eta datorren maiatzaren 1ean Batasunean sartuko diren beste 10 estatuetako buruzagiek plan zehatz bat onartu dute segurtasunari buruz.
«Mundu zabaleko herrialde bakar bat ere ez da terrorismoaren jomuga izatetik babestua eta terrorismoari elkartasunaren zein elkarlanaren bitartez soilik zaio garaituko», zehaztuta zegoen EBko agintariek onartu zuten ekintza planean. «Terrorismoa da, Bigarren Mundu Gerratik, mundu askea galbidean jartzen duen mehatxu handiena», aditzerat eman zuen Europako Batzordeko presidente Romano Prodik. «Terrorismoaren mehatxua gure segurtasunarentzat, demokraziarentzat eta EBko bizimoduarentzat mehatxua da», esan zuen, berriz, EBko txandakako presidente Bertie Ahernek.Hark zuen, beraz, proposatu «terrorismoaren kontrako borrokan» elkarlana bultzatzeko zeregina izango duen Gijs Vries Herbehereetako Barne arazoetako Estatu idazkari ohiaren izendapena, eta EBko beste agintariek oniritzia eman zioten. Koordinatzaile honi baliabide andana ematen dion plan bat onartu zuten, halaber. Haietatik lehena da EBko estatuen artean informazioak trukatzeko batzorde bat indarrean jarriko dela. Ez da Europako CIA antzeko bat izango, Belgikak eta Austriak proposatu zuten bezala, baina bai, ordea, ibilera malguagoa izango duen egitura bat.
Europol eta Eurojust Polizia eta Justizia arloetako elkarlan baterako egiturak berriz bultzatuko dituzte. «Terrorismoaz» ere definizio bateratua itunduko da, sumarioak era berean bideratzeko eta atxilotzeko agindu europarra EBko esparru osoan indarrean jarriko da. Bisa eta pasaporteetan argazki digitala, hatz markak edo betseina ipiniko dira. Terrorismo kondenazioen izendegi orokor bat eratuko da.
Javier Solana Atzerri Politika goi komisarioak gatazkak konpontzeko beharra nabarmendu zuen. «Palestinar eta israeldarren arteko bake prozesua zein India eta Pakistanek Kaxmirrez dutena terrorismo giroarekin lotuta daude. Gatazka horiek konpontzen saiatu beharra dago».
Giro hobea Konstituzioaz
Madrilgo atentatuek sortutako emozioak bultzada eman dio «terrorismoaren aurka borrokan» elkarlana bideratzeari. Erasoari lotuta, Espainiako Poliziak beste hiru susmagarri atxilotu zituen herenegun Madrilen, eta Alemanian ere beste hiru arrastatze gertatu dira. Espainian 16 izan dira martxoaren 11ko atentatuengatik atxilotuak: 13 marokoar eta 2 indiar.
Madrilgo atentatuek aldaketa handiak eragin dituzte, halaber, 2003ko abenduan EBren goi bilera porrotera eraman zuen Konstituzioaren gaian. Espainian agintea hartuko duten sozialistez gain, Poloniak ere iragarri du akordio batera iristeko prest dagoela. Adostasunera «laster» iristeko aukera ikusten du, beraz, Bruselak.
EUROPAKO BATASUNAREN GOI BILERA BRUSELAN
«Terrorismoaren aurka» bat egiteko plan zehatza onartu dute EBko buruek
Informazioak trukatzeko talde bat eratzeko eta Polizia zein Justizia arloetako elkarlan egiturak modu eraginkorragoan ibilarazteko erabakia hartu dute Europako agintariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu