Thailandiako hiriburu Bangkoken hainbat leherketa gertatu ziren atzo. Horietako batean, gizon batek hankak galdu zituen, jaurtitzera zihoan granada ondoan lehertuta. Poliziaren arabera, Irangoa da ustezko erasotzailea. Gertakari hori Indian eta Georgian Israelen enbaxaden aurka izandako erasoen biharamunean gertatu da. Atentatu horiek bezala, Tel Avivek Teherani leporatu dio Bangkoken gertatutakoa.
Thailandiako Poliziaren arabera, ustez hiru irandarrek alokatutako etxe batean leherketa bat izan zen. Thitima Chaisaeng gobernuko bozeramaileak erran du lehergailuak biltzen ari zirela. Ustezko bi ekintzailek ihes egin zutela dio Poliziak, eta bertzea taxi bat gelditzen saiatu zela. Gelditu ez ziolako, granada bat jaurti nahi izan zion, baina bere burua zauritu zuen, iturri horren arabera.
Israelgo Defentsa ministro Ehud Baraken arabera, Bangkokeko gertakariek erakusten dute «Iran eta haren morroiak oraindik izua zabaltzen» ari direla. Azken gertaera horren berri jakin aitzinetik, Israelgo Atzerri Ministerioak erran zuen ez duela enbaxadetako atentatuen aurka «erantzun gogorra» emateko asmorik. Israelek Irani erasoz gero, «iragarri ezinezko ondorioak» utziko dituela adierazi du Frantziak.
Thailandiako atentatu ahalegin baten erantzule izatea egotzi diote Irani
Ustez Irangoa den gizon bat larri zauritu du bere granadak, Indiako eta Georgiako erasoen biharamunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu