"Ez gaude hauteskundeen aurka, konstituzioaren arabera egiten badira. Hala ere, herrialdeak erreformak behar ditu lehenik". Horrela azaldu du Abhisit Vejjajiva Thailandiako oposizioko alderdi nagusiko buru eta lehen ministro ohiak otsailaren 2ra aitzinatutako hauteskundeei boikota egiteko erabakia. Alderdi Demokratak barne eztabaidak izan ditu erabaki horren inguruan, eta Puea Thai gobernuko alderdiari presio egin dio hauteskundeak gibelatu zitzan. Yingluck Shinawatra lehen ministroak, ordea, ez du onartu, eta horren ondoren boikota egitea erabaki du Alderdi Demokratak. Gobernuko alderdiaren ustez, Alderdi Demokratak hauteskundeak gibelatu nahi ditu otsailaren 2an irabazteko aukera eskasak dituelako, baina Vejjajivak ukatu egin du hori.
Azaroan lehertutako krisialdi politiko larriaren ondorioz erabaki zuen gobernuak hauteskundeak aitzinatzea, baina oposizioak mobilizazioak deitu ditu gaurko, gobernuaren dimisioa eskatzeko. Erreforma Demokratikorako Herri Batzordea izeneko erakundeak zuzendu ditu azaroan lehertu ziren manifestazioak. Alderdi Demokrataren inguruko taldea da, eta haien buruzagia, Suthep Thaugsuban alderdi horretako kide ohia da. Hiri guneetako eliteen eta klase ertainaren babesa du oposizioak, eta gobernuak, berriz, iparraldeko eta ipar-ekialdeko nekazari guneetako herritarrena.
Shinawatrak 2011n gehiengo osoa lortuta irabazi zituen hauteskundeak, baina oposizioak haren anaia Thaksin Shinawatraren "txotxongilo" izatea leporatzen dio. Thaksin Shinawatrak erbestera alde egin zuen, ustelkeria auzi batean bi urteko espetxe zigorra jaso ondoren. Abhisit Vejjajiva oposizioko buruari, berriz, hil honetan hilketa egotzi dio auzitegi batek, 2010ean lehen ministro zenean armadak 90 manifestari hil zituelako. Oraingo gobernuaren aldekoak ziren manifestari haiek, eta orduko gobernuaren aldekoak, berriz, orain ari dira protestan.