munDUA

Thein Sein lehen ministro ohia hautatu dute Myanmarko presidente

Erregimenaren aldeko legelariek osatzen duten legebiltzarrak aukeratu du kargurako.

2011ko otsailaren 4a
17:55
Entzun
Thein Sein lehen ministro eta jeneral ohia izango da Myanmarko presidentea, parlamentuko bozketan hura hautatu dutelako kargurako. Erregimenaren aldeko legelariek osatzen dute legebiltzarra. Ateak itxita egin dute bozketa -hiru ziren hautagaiak-, Myanmarko telebista kateak esan duenez.

Junta militarreko 22 kidek militar izateari utzi zioten, bozetan lehiatze aldera. Armadak, hain zuzen, politikako ikastaroetara bidali zituen 2009an ehunka militar, beharrezko prestakuntza jaso zezaten.

2008an onartutako Konstituzioaren arabera, militarren esku geratzen dira beti bi ganberetako eserlekuen laurdenak eta Defentsa, Muga eta Barne ministerioak. Horrez gain, armadaburuak hartuko du nazioaren gaineko kontrola, salbuespen egoera ezarriz gero.

Iazko azaroan egin zituzten hauteskundeak. Hain zuzen, 22 urteko erregimen militarrean egindako lehen bozak izan ziren. AEBek, Europako Batasunak eta Japoniak, besteak beste, hauteskundeen gardentasun falta eta irregulartasunak salatu zituzten. Bozetan ez zen egon diktadura militarrarentzako deserosoa izan zitekeen lekukorik: ez nazioarteko ikuskatzailerik, ez nazioarteko kazetaririk.

Batasunaren Garapen eta Elkartasunerako Alderdiko kidea da Sein. Junta militarreko buru Than Shwe bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.