Gaurko egunez duela 25 urte, Tiananmen plaza eta inguruak gorriz tindatu ziren. Deng Xiaopingek, orduko gobernuburuak, militarrak atera zituen kalera ekainaren 3ko gauean, Alderdi Komunistaren aurka protestatzen ari ziren herritarren aurka. Sarraskia izugarria izan zen, eta 300 eta 3.000 hildako artean utzi zituen, eta beste milaka zauritu. Ehunka lagun atxilotu zituzten, protesten bultzatzaile izatea egotzita. Haietako batzuk oraindik preso daude.
Geroztik, Txinako agintari guztiak ahalegindu dira gertakaria isilarazten. Gaur, protestetatik mende laurden betetzen denean, segurtasun neurri zorrotzak jarri dituzten plazan eta inguruetan. Tiananmengo Plazara sartu ahal izateko kontrolak jarri dituzte, eta kazetariei ere debekatu egin diete irudiak hartzea.
Aurreko egunetan protesta ugari izan dira, bai Pekinen, eta baita inguruko hirietan ere. Giza eskubideen aldeko taldeek salatu dute Poliziak oposizioko hainbat kide atxilotu dituela.