Txinako Gobernuaren arabera 4,5 milioi tibetar bizi dira Tibeten. 6 milioi dira, atzerrian dagoen Tibeteko Gobernuaren kalkuluen arabera. Horiez gain, 150.000 bizi dira erbesteratuta. Gehienak, Indian: 120.000 inguru. 15.000 dira Nepalen bizi direnak, eta beste hainbeste AEBetan eta Kanadan daudenak. Ehunka batzuk dira, berriz, Europan zehar barreiatutakoak. New Yorken biltzen dira, hala ere, munduaren alde honetako tibetarrik gehienak. 5.000 inguru direla diote azken datuek.
Horietako bat da Jigme Gorap. 29 urte ditu. Dharamsalan jaio zen, Indian. AEBetara 14 urte zituela iritsi zen, baina azkeneko laurak daramatza New Yorken bizitzen. «Gustura bizi naiz hirian, hemen gaudelako tibetarrik gehienak». Gaur egun, liburu argitaletxe bateko merkatu aztertzailea da, eta, aldi berean, ekonomia ikasketak egiten ari da.
Tibeten familia du Jigmek. «Ia lau hamarkadatan, ordea, nire aitak eta bere arrebak ez dute elkar ikusi», dio Jigmek. «Txinak Tibet okupatu zuenetik milaka tibetarrek alde egin behar izan dute beren herrialdetik, eta nire gurasoek bezala, gehienek beren familia eta lagunengandik banandu behar izan zuten».
Gaur egun Jigme Gorapen gertueneko familia Ameriketako Estatu Batuetan bizi da, baina munduan barrena barreiatuta daude beste asko, Indian gehienak. «Egia esan, ez dut harreman handirik haiekin. Nire gurasoak arduratzen dira hori mantentzeaz», gaineratu du Gorapek.
Zein egoeratan bizi diren galdetuta, ez du zalantzarik egiten: «Mendebaldean bizi garenok egoera ekonomiko hobea dugu Indian daudenek baino». Bera ez da Tibeten sekulan izan, baina orain AEBetako herritartasuna lortu du eta gustatuko litzaioke joatea.
Hala ere, hemen bizi denetik ez ditu galdu erroak, eta ahal duen guztia ikasten saiatzen da Tibeteko egoera gogorrari buruz. «Munduari han gertatzen dena ozen kontatzeko ardura dudala sentitzen dut. Tibetarren kultura eta nortasuna kolokan daude. Gizartean, ekonomian eta politikan baztertu nahi gaituzte. Nik egoera salatzen ez badut, nork salatuko du?».
Horregatik, New Yorkeko beste hainbat tibetarrekin batera lanean ari da Jigme Gorap, eta une honetan, beren hizkuntza eta kulturari eusteko ikastaroak antolatzeaz gain, tibetarren komunitatearentzat zentro bat eraiki nahian dabiltza.
Tibeten etorkizunaz hitz egiterakoan baikor agertzen da Gorap: «Dalai-lama lider handia da, eta mundu guztian zehar babes handia daukagu. Erresistentzian sinesten dut. Eta baikorra naiz, uste dudalako egunen batean onartuko dutela gaizki tratatu gaituztela eta erlijio eta politika esparruetan askatasuna daukagula».
Tibeten historia minutu oro aldatzen ari dela dio Tendor Tenzinek. 2008ko iraultzen ondoren dena desberdina dela nabarmendu du. «Mundu guztiko tibetarrok gure historia bueltatzea, gure etorkizuna bueltatzea nahi dugu. Txinatar inperioa indartsua da, baina inperioa da. Arazo asko ditu une honetan Txinak, eta guk baino aukera gutxiago ditu inperio honek irauteko. Izan ere, Tibeteko nazioa egunetik egunera indartsuago bilakatzen ari da. Aukerak gure alde daude».
Indian jaio zen Tendor Tenzin, Manalin, duela 30 urte. Hamabi urte badira AEBetara etorri zela, eta gaur egun Tibeten askatasunaren alde lanean dihardu, ikasle mugimenduekin batera. «Tibeten familia badut, baina aspaldian galduta daukagu harremana», dio Tendorrek. 2007an egon zen Tibeten azkenekoz. «Mt Everest kanpalekuan egindako protestengatik kanporatu egin ninduen Txinako Gobernuak». Orduz geroztik, New Yorketik lan egiten du bere herriaren alde. «Tibeteko herritarren oihuak zabaltzea da gure lana. Etxean dauden tibetarrak eta atzerrian daudenak harremanetan jartzeko ardura dugu, betiere bortizkeriarik gabeko bideak erabiliz».
Atzerrian jasotzen duten babesa ere handia dela dio Tenzinek: «New Yorkeko biztanleek Tibeteko arazoaren inguruko interes handia erakusten dute. Tibeti buruz badute informazioa, eta ez bakarrik bisitatzeko ederra den leku bat delako, baizik eta eraso asko jasan dituen herri bat delako».
2008an, Txinan egindako Olinpiar Jokoen haritik, protesta ekitaldi asko egin ziren Tibeten eta tibetarren eskubideen alde. Gogor jo zuen orduan Txinako Gobernuak oihu haiek isilarazteko. Jokoak amaitu ostekoa, ordea, ez da samurragoa izan, eta debeku gehiago jarri dizkiete eguneroko bizimoduan. Hain zuzen ere, joan den astean Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki zuen Txinako zortzi agintariren aurkako salaketak artxibatzea. Jokoak baino lehen Tibeten izandako jazarpenagatik ari ziren haiek ikertzen.
TIBET. ERBESTETIK BEGIRA. Tibeten atzerriko oihuak
Txinako Gobernuaren jazarpenetik ihesi, milaka tibetarrek nazioartean hartu dute aterpe. Haietako asko New Yorken bizi dira, eta bertatik egiten dute lan Tibeteko askatasunaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu