Ukrainako Oposizio Batua koalizioak adierazi du espetxean dagoen Julia Timoxenko lehen ministro ohia izango duela bere hautagaia datorren urriaren 28ko legebiltzarrerako bozetarako. Boterea gehiegikeriaz erabilita 2009an Errusiarekin gas horniketaren inguruko akordio bat «eskumenik gabe» sinatzea eta funtsi publikoa bidegabe baliatzea leporatuta zazpi urteko espetxe zigorra betetzen ari da Timoxenko iazko urritik. Hain justu, joan den astean abiatu zen berriro haren aurkako epaiketa. Alemaniako medikuek zortzi egunez atseden hartu behar duela esan ostean, berriro atzeratu behar izan zuten auzia atzokoan.
Bestalde, preso dagoen lehen ministro izandako Yuri Lutsenko ere sartu dute hauteskunde zerrendan. Lutsenko zerrendako bosgarren postuan joango da, eta horri ere botere gehiegikeria leporatzen diote. Oposizioko koalizioak egindako lehen kongresuan hartu dute erabakia, Timoxenkoren alderdiaren babesarekin. Hauteskundeetan herritarren babesa lortzeko eta garaile izateko konfiantza azaldu du koalizioak. Behin parlamentura helduta, delitu ekonomikoen inguruko zigor legedia aldatzen eta Timoxenko espetxetik ateratzen saiatuko direla iragarri dute.
Timoxenko hautatu dute oposizioaren zerrendaburu Ukrainan
Botere gehiegikeriagatik espetxeratutako bi lehen ministro ohi aurkeztuko dituzte parlamentuko bozetara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu