Julia Timoxenko Ukrainako lehen ministro ohia espetxetik ospitalera eraman dute berriro ere, tratamendua jasotzera. Gose greba uztea jarri diote baldintzatzat, artatua izateko.
Timoxenkoren abokatuak jakinarazi du gaur bertan hasiko direla hura tratatzen, pairatzen duen "egoera larriaren aurrean".
Apirilaren 20n hasi zuen gose greba Timoxenkok, martxoaren 20an espetxeko funtzionario batzuek jipoitu egin zutela salatu ondoren.
Timoxenkok hasieratik eskatu zuen sendabidea mediku independenteek kontrolatzea. "Zoritxarrez Ukrainako medikuak presio politikoen menpe daude. Horregatik behartuta daude Timoxenko osasuntsu dagoela esatera", adierazi du abokatuak.
Pasa den astean egindako mediku azterketa baten ondotik, Harms medikuak ohartarazi zuen tratamendua "berehala" hasten ez bazen, ondorioak "zorigaiztokoak" izango zirela. Tratamendua jasotzen hasi aurretik gose greba utzi beharko zuela azpimarratu zuen.
Botere gehiegikeria delitua egotzita espetxeratu zuten Timoxenko iazko abenduan. Zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten.