TOGO. Iruzurrak salatzeko eskatu dio Parisi Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak

Indarkeria ez da amaitu, oposizioak bozetako emaitzak ez ditu onartzen eta Akitani oposizioko buruak dio bera izan dela garaile

2005eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Indarkeria hiriburutik barnealdeko hirietara zabaltzen ari delarik, Afrikako Mendebaldeko Estatuen Komunitate Ekonomikoak batasun nazionalerako gobernua eskatu du Togorako. Gainera, ez du batere ondo ikusi Bob Akitani oposizioko buruak bere burua igandeko hauteskundeetako irabazletzat jo izana. Akitanik esan du froga dezakeela Faure Gnassingbek baino boto gehiago lortu dituela. Honek legez kanpokotzat jo du Akitanik bere burua presidente izendatu izana eta «legea urratzen duen oro» atxilotzeko agindu du.

Atzerriko hedabideen arabera, Beninekin muga egiten duen Aneho hirian hainbat istilu izan ziren atzo, eta 600 bat herritarrek handik ihes egin eta ondoko herrialdera jo dute. Manifestariek hiriko polizia-etxeari egin zioten eraso eta eraikin publiko zein denda franko arpilatu. Lome hiriburutik mendebaldera dagoen Adakpame hirian, aldiz, liskarrak izan ziren manifestarien eta polizien artean. Lomeri dagokionez, zenbait iturriren arabera, 27 dira azken egunotan erasoetan hildakoak.Agintariek bozetako irabazlea Gnassingbe izan zela adierazi ondotik piztu ziren egunotako istiluak, nahiz eta aurretik ere zenbait liskar gertatu. Akitaniren jarraitzaileek, ostera, ez dute Gnassingbe garailetzat onartzen eta «konplot» iritzi diote agintarien erabakiari. Akitanik jarraitzaileei «azken garaipena arte atxikitzeko» eskatu, eta «borroka luzea» izango dela esan zien. Giza Eskubideetarako Togoko Ligako presidente Ama Apedok nazioarteari esku sartzea galdegin dio, Liberian eta Boli Kostan gertatutako barne gatazkak Togon gerta ez daitezen. «Ez da beharrezkoa itxarotea milioi bat hildako egotea Togon eskua sartzeko», nabarmendu du. Ezagutarazi duenez, oposizioko jarraitzaileak armak bilatzen ari dira, segurtasun indarren aurka soilik harri eta makilekin ez ekiteko. Herenegun gauean jarduneko presidente Abbsa Bonfohek esan zuen hautagai guztiek onartu behar dituztela hautes ontzietako emaitzak eta Akitaniren adierazpenez mintzo zera esan zuen: «Bere burua presidentetzat jotzen duen zeinahiren keinu hori baliogabea da». Ildo berean mintzatu zen atzo Afrikako Mendebaldeko Estatuen Komunitate Ekonomikoko idazkari nagusi Mohamed Ibn Chambas. Erakundeak 150 begirale bidali zituen bozak behatzeko, eta hainbat irregulartasun izan zirela aipatu arren, Faure Gnassingbe jo zuen irabazletzat. Aitzitik, Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak arrangura azaldu zuen Frantziak Togoko hauteskundeen emaitzak balekotzat jo dituelako, eta Parisko gobernuari eskatu zion «zehaztutako iruzurrak publikoki salatzeko eta giza eskubideen urraketak gaitzesteko».

Kazetarien kontrako akusazioa



Federazioaren iritziz, irregulartasunetatik haratago, bozetan iruzurra egon, egon da. «Boz libre eta pluralak izateko eskubidea urratu da. (...) Behatzaile independenteek iruzur masiboen berri eman dute», jakinarazi zion Frantziako presidente Jacques Chiraci bidalitako gutunean. «Hautes ontziak bete, zerrendak manipulatu, botoak sekretuan zenbatu, oposizioaren aldekoak beldurrarazi eta hautes ontziak armen mehatxuarekin hartu dituzte», salatu zuen Federazioak. Gainera, giza eskubideen aldeko langileen «segurtasun ezaz» ohartarazi zuen.

Togoko Gobernua indarkeriaren erantzuletzat zein seinalatu dabil. Herenegun alemaniarrak jo zituen horren arduradun eta atzo, aldiz, atzerriko kazetariei egotzi zien errua. Komunikazio ministro Pitang Tchalanen esanetan, kazetariek egoera «okertu» egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.