Espainiako inbestidura

Torrak ez du bere egiten ERCren eta PSOEren arteko akordioa

Gaur goizean bildu dira Kataluniako presidentea eta Pere Aragones ERCko koordinatzailea. Esquerrako Kontseilu Nazionala 17:00etan elkartuko da, alderdi independentistak sozialistekin lortu duen akordioari buruz bozkatzeko.

Aragones eta Torra, Kataluniako Gobernuak gabonen aurretik egindako azken bileran. QUIQUE GARCIA / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 2a
15:21
Entzun

Atzo JxCko ordezkariek eginiko adierazpenen ildo beretik, Quim Torra Kataluniako presidenteak gaur goizean esan dio Pere Aragones ERCko koordinatzaileari ez datorrela bat PSOErekin lortu duten akordioarekin. Torraren ustez, ezin da ezer negoziatu Espainiako Gobernuarekin «Generalitatearen bizkarrera», eta edozein negoziaziok independentzia lortzeko «bozketa argi bat» izan behar du helburutzat.

ERCren eta PSOEren arteko akordioak gobernu krisia eragin du Katalunian. Torrak gaurko bilerara deitu zuen Aragones itunaren edukia azaltzeko eta Kataluniako Gobernuari zertan eragingo dion zehazteko. ERCk negoziazio mahai bat osatzea adostu du sozialistekin, eta Torrari mahai horretan «autodeterminazioa batera defendatzea» proposatu dio Aragonesek. Defendatu du Kataluniako «gatazka bide politikora» eramateko balio izango duela.

Kataluniako presidenteak, ordea, argi utzi du «alderdien arteko akordio bat» dela, eta, bere horretan, Kataluniako Gobernuak ez duela bere egiten. Azaldu duenez, negoziazio mahai hori deituko balitz, Kataluniako Gobernuak erabaki beharko luke zer eduki landu, eta ez «alderdi batek modu aldebakarrean».

Torrak Aragonesi gogorarazi dio Katalunian mobilizazio masiboak egin dituztenen helburua ez dela «estatutu berri bat edo autogobernua hobetzea», independentzia baizik: «Edozein negoziaziok autodeterminazioari buruzko bozketa argi bati bide eman behar dio». Berdintsu mintzatu zen atzo Laura Borras JxCko Kongresuko diputatua, eta independentismoa «ahultzea» leporatu zien errepublikanoei: «Independentismoak Madrilen negoziatzeko indar gehien duenean, eskariak beheratzea erabaki dute batzuek».

Gaur arratsaldeko 17:00etan bilduko da Esquerraren Kontseilu Nazionala, akordioari buruz bozkatzeko eta Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren inbestidurari bide emango dioten ala ez adosteko. Inbestiduraren eztabaida hilaren 4an hasiko da; 5ean egingo dute lehenengo bozketa, eta, bigarren bozketa beharrezkoa balitz, 7an egingo lukete.

EH Bilduren bozketa

EH Bilduren oinarriek gaur eta bihar bozkatuko dute koalizioko Mahai Politikoak Espainiako inbestidurarako eginiko proposamenari buruz. Hau da, koalizioko bost diputatuek abstentzioaren alde egin behar duten edo ez. Galdeketa gaur hasi da, 00:00etan, eta bihar amaituko da, eguerdiko 12:00etan. Honako hau da galdera: «Ados zaude EH Bilduk Espainiako Kongresuan dituen bost diputatuek abstentzio aktiboaren bidez Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren inbestidura ahalbidetzearekin, Espainiako Gobernuko presidente izan eta Unidas Podemos alderdiarekin gobernua eratu dezan?». Koalizioak azaldu du galdeketaren emaitza loteslea izango dela, eta bihar bertan emango dute emaitzaren berri.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak abstentzioaren alde egin du gaur goizean Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. Uste du koalizioak hautu hori egin behar duela, «erantzukizunagatik»: «Eskuinak gobernatzea eragozteaz gain, aukera bat ireki daiteke; eszeptizismorik handienetik, agenda demokratizatzaile bati heldu eta nazioaniztasuna eta autodeterminazioa landu genitzake, baita konponbiderako espetxe politika bat ere». Oinarriek Mahai Politikoaren erabakia babestuko dutela uste du, eta emaitza ez dela oso estua izango.

ERCren eta PSOEren akordioari dagokionez, negoziazio mahai bat osatzeko aukera azpimarratu du Otegik: «Euskal Herriak ere izan beharko luke elkarrizketa mahai bat Estatuarekin, euskal gatazkari heltzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.