Errusian (1917tik 1991 arte) eta Sobiet Batasunean, oro har (1922-1991) Alderdi Komunistak gobernatu zuen arren, ez zuen inoiz komunismoa bere osotasunean gauzatzerik izan, hainbat arrazoirengatik. Gehienez ere estatu zentralista batek —errepubliken federazioa bazen ere— kudeatutako neurri eta programa sozialistak jarri zituen martxan. Mendebalde kapitalistak «estatu komunista» gisa definitu zuen sistema politiko hura; aitzitik, komunismoan sinetsi arren Moskuren politikekin kritikoak zirenek «estatuak kudeatutako kapitalismoa» iritzi zioten. Nolanahi ere, kanpo nahiz barne eragile ugari zirela eta, ez ziren inoiz benetako komunismora iritsi; bidean geratu ziren. Alta, kapitalismoaren suak hartu zituen, pixkanaka, Errusia eta inguruko errepublikak.
Herritar eta agintariek elkarri tovaritx (kamarada) deitzetik, parekotasun teorikoan eta borondate onean oinarrituta, kapitalismoaren alderik latzenera igaro da gizartea, nor bereaz soilik arduratzera eta, oihanean bezala, indartsuenaren legeari jarraiki jokatzera.
Sobiet Batasunaren azken urteetan, Mikhail Gorbatxov presidenteak bultzatutako Perestroika edo irekiera politikarekin eta Glasnost edo gardentasun politikarekin hasi ziren aldaketa politiko eta ekonomiko nagusiak. 1990ean errepubliketako legebiltzarretako bozak egin zituzten. Errusiako Sobiet Errepublikak bere legebiltzarreko presidente hautatu zuen Boris Jeltsin.
SOBIET BATASUNAREN DESEGITEA. 1991ko udan Batasunaren Itun Berria sinatu zuten Sobiet Batasunean, zortzi errepublikaren oniritziarekin. Federazioa laxoago bihurtu zen. Itunaren sinatze prozesua, halere, gorabeheratsua izan zen, abuztuan Gorbatxoven erreformen aurkako estatu kolpea ematen saiatu baitziren Gobernuko kide batzuk. Kolpeak, ordea, porrot egin zuen, baina Gorbatxoven boterea bukatzeko bidean zen, eta Jeltsinena, aldiz, indartu egin zen.
1991ko abenduaren 8an Errusia, Ukraina eta Bielorrusiako presidenteek Sobiet Batasunaren desegitea deklaratu, eta CIS Estatu Burujabeen Elkartea osatu zuten. Urte hartako abenduan Gorbatxovek dimisioa eman zuen. Errusiako presidenteak, Jeltsinek, prezioen liberalizazioa eta ekonomiaren pribatizazioa hasi zuen 1992an, eta lurraren pribatizazioa 1993an. Horrek kapitalismoari ateak ireki zizkion, baita herritarren pobretzeari eta gutxi batzuen aberasteari ere.
1993an Legebiltzarra desegin, presidentearen aginte zuzena ezarri, eta konstituzio berria proposatu zuen Jeltsinek. Baina, Legebiltzarrak hura kargugabetu arren, militarren laguntzarekin boterean segitu zuen. Konstituzio berriarekin Legebiltzarraren botereak nabarmen murriztu zituen, eta Presidentetzari ia mugagabeko boterea eman. 1998an inoizko krisi ekonomikorik larriena pairatu zuen Errusiak: errubloa eta petrolio esportazioak izugarri jaitsi ziren, eta oinarrizko gaien prezioa, aldiz, neurrigabe igo egin zen.
Jeltsinek 1999ko abenduan dimisioa eman zuenean Vladimir Putinek hartu zuen haren lekukoa, eta hurrengo urteetan presidentetza berrestsi zuen, bozetan.
Putinek energia baliabide aberatsak industria garatzeko erabili ditu. Baina Gazprom eta Rosnett gas eta petrolio enpresek irabazi izugarriak eman dizkiete enpresaburuei; ez, ordea, herritarrei.
Hala, Errusiako populazioaren %14 (22 milioi lagun) pobreziaren lerroaren azpitik bizi dira, eta ohikoa da pentsioarekin bakarrik bizi ezin diren zaharrak kalean gauzak saltzen ikustea. Finans aldizkariaren arabera, gainera, Moskuko dirudunen kopurua aspaldi da New Yorkekoa baino handiagoa. Egun, askok ez dakitetovaritx hitzaren esanahia.
'Tovaritx'-en garaitik kapitalismora
Aldaketa eta desoreka ekonomiko, sozial eta politiko handiak izan ditu Errusiak Sobiet Batasuna desegin zutenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu