Trantsizio nazionalari ekin nahi dio Masek, katalanen erabakimena bermatzeko

Lehen aldaketa itun fiskal berri bat negoziatzea izango dela dio, «euskal kontzertu ekonomikoaren ildotik»

2010eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Kataluniantrantsizio politiko bati heltzea proposatu zuen atzo Artur Mas CiUko presidentetzarako hautagaiak inbestidura saioan, katalanen erabakitzeko eskubidea bermatu ahal izateko. Gaur goizean egingo dute lehen bozketa, baina parlamentuko talde guztiek aurka bozkatuko dutela iragarri dute. Hori horrela, ostegunera arte itxaron beharko du Masek presidente izateko. Egun horretan bigarren bozketa egingo dute, eta, orduan, ganberako gehiengo sinplearekin nahikoa izango du Masek.

CiUren proposamenaren arabera, trantsizioaren lehen pausoa paktu fiskal berri bat negoziatzea litzateke, «euskal kontzertu ekonomikoaren edo Nafarroako ereduaren ildotik». Eta 2012ko hauteskundeen ostean, eskaera hori jarriko du mahai gainean Madrilen, egonkortasunaren truke.

Masen arabera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Estatutuari ezarritako murrizketek argi uzten dute Kataluniaren eta Espainiaren arteko itunak ez duela gehiagorako ematen. «Kataluniak, autogobernua eta askatasuna bermatzeko bide berri bati ekitea besterik ez du», azaldu du.

«Bide berriaren» oinarria, kataluniarren erabakitzeko eskubidean oinarritzen dela dio. Baina autodeterminazio erreferendum bat deitzeko asmorik ez duela adierazi du. Gehiengo zabalak babestuko dituen neurriak dira Masen lehentasunak, uneotan.

Parlamentuko gainontzeko talde guztiek bihar egingo den bozketarako ezezkoa iragarri dute. PSCk konpromiso sendoak eskatu dizkio CiUko hautagaiari. Miquel Icetak, PSCren parlamentuko eledunak, Masen hitzaldia «lausoa» eta «arima gabea» izan dela esan du.

Gauzak horrela bigarren bozketara arte itxaron beharko du Masek Kataluniako presidente kargua eskuratzeko.

Konstituzionalaren ezetza

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Arartekoak Estatutuaren epaiari ezarritako helegitea baztertu zuen atzo, eta epaian aurrez emaniko argudioak berretsi zituen, hizkuntz erregimenaren, herrialdearen eskubide historikoen eta autogobernuaren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.