Libia. Gaddafiren ondorena. Fathi Ben Khalifa. NTC Libiako Trantsiziorako Kontseiluko kide ohia

«Trantsiziorako kontseiluak ez du bere interesak babestea beste helbururik»

Trantsizio gobernua iraganeko hutsegiteak egiten ari dela uste du: amazighak baztertzea, besteak beste; xaria lege islamiarra aldarrikatzeari, berriz, demokraziaren aurkako deritzo.

KARLOS ZURUTUZA.
Tripoli
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Libiako disidente ospetsuenetakoa da Fathi Ben Khalifa (Zuara, 1965). Marokon hamasei urte igaro ostean, Herbehereetara jo behar izan zuen, Gaddafik Rabati egindako presioaren ondorioz. Iraultza piztu zenean, Ben Khalifak Tunisiatik jarraitu zuen erregimenaren kontra borrokan, eta NTC Libiako Trantsiziorako Kontseiluko kide bilakatu zen gero. Europara eta Afrikara bidaiatu zuen nazioarteko ordezkaritza talde batean, libiar matxinoak babes eta onar zitzaten. Baina iragan abuztuan utzi zuen NTC, etsita, erreboltarien buruek haren herria baztertu zutelakoan: amazighen herria, hain zuzen. Urrian, Munduko Amazigh Kongresuko buru hautatu zuten. Erakunde hori 1995ean sortu zuten, Parisen, amazighen nortasuna babesteko.

Hilabeteotan Libiako amazighen bazterketa salatu duzu; zergatik?

Abuztuaren 6an adostutako konstituzioaren zirriborroan ez dute behin ere aipatzen gure hizkuntza, ez eta Libian dugun presentzia ere. Orain diote Libiaren egonkortasuna dutela helburu, eta gauza horiek ahaztu egin behar ditugula oraingoz. Horrek déjà vu sentipen bat sortu digu. Libiak 1951n independentzia eskuratu zuenean, horixe esan ziguten: egoera egonkortu arte itxaroteko, hain zuzen. Gaddafiren asimilazio politika gogorra lau hamarkadaz jasanda, ezin genuen imajinatu ere egin gobernu berriak ere ukatu egingo gintuenik.

Baina zu hasiera-hasieratik izan zinen NTCko kide, ez da hala?

Bai, nazioartearen onarpena eta babesa lortzeko borrokatzen nintzen. Banekien iritzi arriskutsuak zituzten pertsona asko zeudela barruan, baina orduan ez nituen salatu, gerran geundelako, ez zelako horretarako unea. Azkenean, abuztuaren 20an hautsi nituen harremanak haiekin, gu onartzeko borondaterik ez zutela jabetu bezain laster.

Libia hautsiko delakoan dago NTC?

Guk, politika planteatzerakoan, beti baztertu dugu diskurtso erlijioso nahiz abertzale oro. Arazoa da NTCk eutsi egiten diola antzinako, ohiko arabismo-islamismoari. Ez dira jabetu ideologia horrek hondamendia baino ez diola ekarri Libiari. Esaterako, galdetu al diogu geure buruari zergatik geunden beti munduko herrialde ustelenen zerrendan? Zergatik ginen hain aberats eta, aldi berean, hain txiro? Libia herrialde arabiarra dela uste badugu, oker gaude: ipar Afrikan gaude, eta ez Persiako Golkoan. Hainbatetan, atzerriko arazoek atentzio handiagoa bereganatu dute gureak baino. Libiak dirutza gastatu zuen Afrikako herrialde askotan, Gaddafik bere burua Afrikako erregeen erregetzat zuelako. Era berean, gazte ugari galdu genituen Irakeko eta Afganistango gerretan. Gure umeak gosez eta oinutsik dabiltza Sabhan [Libia hegoaldea], baina Palestinako gatazka dugu kezka eta lehentasun nagusi… Gaddafiren hutsegite berak egingo al ditu Libia berriak?

Zer uste duzu zuk?

Ez ninduke harrituko, egun ere jende bera baitago gobernuan. Erreala ez den irudi bat saldu nahi diete herriari eta munduari, baina, tamalez, lehengo diskurtso eta eredu autoritario berei eusten diete. NTCk libiarrak erabili ditu gerrarako, eta gaur ez du bere interesak babestea beste helbururik. Oraindik ez dira konturatu egoera gero eta gogorragoa ari dela bilakatzen, eta ez amazighen haserreagatik soilik.

Zeintzuk dira, bada, ezegonkortasunaren beste faktoreak?

Zalantzarik gabe, duten muturreko joera islamista da larriena. Islamean oinarritu nahi dute konstituzio berria, eta sekulako okerra da hori. Ez daukat inolako arazorik alderdi islamistekin era demokratikoan hautatu badira, baina demokrazia ez da inoiz Libiara iritsiko, erlijioa baldin bada gobernu berriaren zutabea. Xaria aipatzen dute, baina inork ez daki zein: Pakistangoa? Saudi Arabiakoa? Marokokoa? Afganistangoa? Ezberdinak dira.

Zer pentsatu zenuen Mustafa Abdeljalilek (NTCko presidente ohia) xaria aipatu zuenean bere askapen diskurtsoan?

Lotsagarria bezain iraingarria iruditu zitzaidan. Nork eman dio eskumena Abdeljalili horrelako erabakiak hartzeko? Trantsizio gobernuko burua besterik ez da. Erabaki horiek guztiak libiar herriak hartu behar ditu, demokratikoki. Horrelako jarrerak zera erakusten du: NTCko talde hori ez dagoela prestatuta demokraziaren erronkari eusteko.

Zer egingo dute Libiako amazighek horren inguruan?

Oso kezkatuta gaude. Ezin dugu onartu Libia «herri arabiarra eta musulmana» dela dioen esamolde hura. NTCko hainbatek zioten gure hizkuntza ezin zela ofizialtzat jo, gutxi garelako. Zergatik ez ziguten hori esan borrokan ari ginenean? Hamar gerlaritik batek armak utzi eta ospa egingo zuen orduan. Ez gara borrokatu beste erregimen autoritario bat ezartzeko, eta mobilizatzen hasiak gara. Irailaren 26an amazighen konferentzia erraldoi bat izan genuen, eta sekulako manifestazioa hurrengo egunean. Jendetza bildu arren, NTCk ez zuen ezer egin gurekin biltzeko. Muturreko ekintzen aurrean baino ez dute erreakzionatuko, haien pentsamoldea zaharkitua baitago.

Hamasei urte igaro zenituen Marokon; harreman handia duzu Aljeriako amazighekin ere. Noiz itzali zen Udaberri arabiarra herrialde horietan?

Udaberri arabiarra esamoldeak ukatu egiten du amazighok iraultzan izandako parte hartzea. Edonola, Aljeria izango da eztanda egingo duen hurrengo herrialdea, eta Kabilako amazighek piztuko dutelakoan nago. Tamalez, oso zaila izango da, militarrek kontrol zorrotza baitaukate. Abdelaziz Buteflika presidentea haien txotxongiloa baino ez da. Argi dugu ez dutela botereamodu baketsuan utziko. Marokon, ordea, ezberdina da. Erregimen politikoa ez da militarra, sozialaren eta erlijiosoaren arteko nahasketa bitxi bat baizik. Berehala egokitu ziren egoera berrira. Rabatek, gutxienez, amazighok onartu gaitu. Herritarren %80 izaki, ez zuen beste aukerarik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.