San Joan gaua gau tragikoa izan zen herenegun Castelldefelsen (Katalunia). 23:30ean, jaiak hondartzan ospatzera zihoan gazte talde batek trenbidea debekatutako toki batetik igaro zuen, eta ustekabean horietako 30 lagun harrapatu zituen trenak. Guztira hamahiru hildako eta hamalau zauritu izan dira istripuan. Zaurituetako lauri senda-agiria eman diete, eta beste hiru oraindik egoera larrian daude. Gehienak 15 eta 28 urte bitarteko gazteak dira.
Zaurituen artean larriena 28 urteko emakume bat da. Horrez gain, 15 eta 16 urteko bi gaztek traumatismo ugari dituzte, baina larritasunetik kanpo daude. 45 urteko emakume bat eta 15 eta 28 urte bitarteko zortzi gizonezko eta sei emakumezko diagnostiko zehaztu gabekoa dute. Zauritu guztiak Bartzelona inguruan bizi dira.
Montserrat Tura Justizia kontseilariaren esanetan, hamahiru hildakoen identifikazioak denbora beharko du, gorpuak oso egoera txarrean daudelako. Dena dela, Kolonbiako enbaxadak jakinarazi du bi kolonbiar daudela hildakoen artean. Hildakoak 33 urteko gizon bat eta 37 urteko beste bat omen dira. Ekuadorko kontsulatuak ere adierazi du gutxienez hildako bost lagun hangoak zirela.
Trena Alacantetik Bartzelonara bidean zihoan -hemezortzi kilometroko distantzia dago hiriburutik Castelldefelsera- baina bertatik igaro aurretik, beste tren batek 700 pertsona inguru utzi zituen geltokian. Guztiak zihoazen lur azpiko igarobidetik hondartzara bidean. Baina talde batek trenbidetik igarotzea erabaki zuen, kontrako bidetik zetorren trenari erreparatu gabe. Treneko gidariak ez zituen igarotzen ikusi, eta ez zuen trena garaiz gelditzerik izan. Orduko 139 kilometroko abiadura zeraman, zuzenean Bartzelonara zihoalako.
Epaileak istripua ikertzeko agindu du, eta treneko kutxa beltza eskatu du gertatutakoa argitzeko. Gidariak ez du alkohol tasarik eman, eta shock egoeran dago. Laguntza psikologikoa jaso behar izan du. Gidariak adierazi zuenez, taldea ikusi zuenean paralizaturik gelditu zen, baina larrialdi sistema martxan ipintzea lortu zuen, berandu izan arren. Trenak zeraman abiadurarekin, gutxienez kilometro bateko distantzia behar du garaiz gelditzeko.
Axolagabekeria
Llobregateko ospitalean bildu dira asko eta asko, beren senitarteko edo lagunen berri ez dutelako. Hildakoen identifikazio lanak aurrera doazen bitartean, Castelldefelsen arreta gune bat antolatu dute, eta bertan laguntza psikologikoa eskaintzen diete. Jose Montilla Generalitateko presidenteak dolu eguna izendatu zuen atzo, eta istripua «biktimen axolagabekeriari» egotzi dio. «Debekuak argi adierazita zeuden, eta duela gutxi eraikitako lur azpiko pasabidea zegoen».
Marcelo Carmona trenean zihoan lekukoaren esanetan, lur azpiko igarobidea jendez gainezka zegoen, eta horregatik erabaki zuen taldeak trenbidetik pasatzea: «Trenak hiru aldiz jo zuen txistu, eta segundo batean harrapatu zituen». Ikerketa hasi dute, lur azpiko pasabidea estuegia ote den jakiteko. Teofilo Serrano Renfeko zuzendariak adierazi du istripuak «abaildua» utzi duela, eta beraiek dena zuzen egin dutela esan du: «Ikerketaren zain gaude, baina, nire ustez, trenaren abiadura zein egoera teknikoa zuzenak ziren».
Iazko martxoan, 19 urteko gazte bat hil zen lekuberean eta arrazoi berberengatik.
Tren istripu batek hamahiru hildako eta hamalau zauritu eragin ditu Katalunian
Castelldefelsen 30 bat lagun harrapatu ditu tren batek, trenbidea debekatutako leku batetik pasatzen ari zirela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu