Protestak herrialde arabiarretan

Tripoli eta haren inguruko hiriak ziurtatzeko erasoa hasi du Gaddafik

Ortziraleko otoitzen ondoren, oposizioak protestak egin ditu hiriburuan, baina erregimenak gogor erantzun dioHegazkinek hirugarren egunez bonbardatu dituzte Brega eta Ajdabija, ekialdean

mikel rodriguez
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Ortzirala otoitzerako egunik garrantzitsuena da musulmanentzat. Egun horrekin mezkitetan, plazetan eta parkeetan jendetza elkartzen da errezorako. Herrialde arabiarretako protestetan, erreboltariek balio praktikoa bilatu diote ortziralari, otoitzen ondoren jende oldea elkartzea errazten duelako. Libian errebolta hasi zenetik hirugarren ortzirala izan zen atzokoa. Otoitzen ondorena baliatuz, bertze behin, oposizioa Tripoliko karrikak hartzen saiatu zen, baina Muammar Gaddafik irmo kontrolatu du hiriburua, eta haren inguruko hirietan ere erasoaldia abiarazi du.

Erregimenak bi fronteri aurre egin die. Alde batetik, mendebaldean, Tripoliko protestak zanpatzeaz gain, hiriburuaren inguruan oposizioaren esku dauden hiriei eraso egin die beren kontrola berreskuratu eta Tripoli babesteko asmoz. Bertzetik, ekialdean hirugarren egunez jarraian bonbardatu ditu hiri estrategikoak.

Al Jazeeraren arabera, otoitzen ondotik gutxienez mila manifestari atera dira Tripoliko karriketara. Hiriko erdigunera joan dira, «Gaddafi jainkoaren etsaia da» oihukatuz. Gaddafiren indarrek, ordea, goizean goizetik zaindu dute hiria, kontrol ugari ezarriz. Tajura barrutian, Tripoliren ekialdean, erregimenaren indarrek negar egiteko poteak jaurti dizkiete manifestariei, eta tiroak ere aditu dira, iturri berberaren arabera. Bengaziko Informazio Zentro Iraultzaileko zuzendari Mohamed Salem Musak jakinarazi du Plaza Berdean ere istiluak izan direla erregimenaren aldekoen eta aurkakoen artean —enparantza horretan Gaddafiren jarraitzaileak elkartu ohi dira—.

Hildakoen edo zaurituen berri zehatzik ez dago, ordea. Erregimenaren baimenez Tripolin dauden atzerriko berriemaileek salatu dute Gaddafiren indarrek ez dietela utzi hoteletik ateratzen, karrikan beraien presentziak «Al Kaedaren aldekoen» indarkeria pitz zezakeelakoan. Libiako Gobernuko bozeramaile Mussa Ibrahimek adierazi du «salbuespenezko baldintza» izan dela kazetariei ezarritakoa. Geroago, erregimenak debekua kendu die, eta kazetari guziak hirian zehar itzulinguru bat ematera eraman ditu autobusetan.

Gaddafik mendebaldean duen nagusitasuna oposizioak hartutako hiri batzuek oztopatzen dute, eta horien kontrako ofentsibari ekin dio erregimenak. Borroka latzenen berri Az Zauiatik eman dute —Tripolitik 40 kilometro mendebaldera—. Erregimenak hiria berreskuratu duela dio, baina oposizioak halakorik ukatu du, etsaiak «aitzinera» egin duela aitortu arren.

Al Jazeeraren arabera, Az Zauiako oposizioko indarren komandantea, Hassan Uarbuk koronela, borroketan hil dute. Hiriko bizilagunek hedabideei jakinarazi dietenez, gutxienez 50 lagun hil dira borroketan.

Ras Lanuf, banaketa hiria

Ekialdean, berriz, hiri estrategikoei eraso egin die Gaddafik. Horien kontrola eskuratu eta Bengazira jotzeko bidea ireki nahi du erregimenak. Borroka nagusienak Ras Lanufen gertatu dira—Gaddafiren jaioterri Surtetik 200 kilometro ekialdera—. Al Jazeeraren arabera, oposizioko milizianoek hiriko aerodromoa eta kuartel militar baten kontrola hartu dute. Iturri berberak dio portuaren aurka ere eraso egin dutela milizianoek. Gutxienez lau hildakoren berri eman du Al Jazeerak. Ras Lanufek petrolio findegi garrantzitsua du, eta estrategikoki, ekialdearen eta mendebaldearen arteko mugan dago.

Ras Lanuferako ofentsiba Brega herritik prestatu du oposizioak —70 kilometro daude bien artean—. Gaddafiren indarrek hirugarren egunez bonbardatu dute Brega. Oposizioko iturrien arabera, petrolio instalazioak izan dira hegazkinen helburu. Biktimarik ez da egon, iturri berberek diotenez. Ekialderago dagoen Ajdabija hiriko laguntzari esker, iragan asteazkenean Gaddafiren indarrak Bregatik bidaltzea lortu zuten oposizioko milizianoek. Horregatik, erregimenak Ajdabijaren aurka ere aire erasoak egin ditu. Base militar bat bonbardatu zuen atzo.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.