AEB

Trumpek eta Clintonek aise irabazi dute New Yorken

AEBetako primarioetan hitzordu garrantzitsua izan dute bart, eta errepublikanoen eta demokraten hautagaiek garaipen argia lortu dute beren alderdietako lehiakideekiko.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko apirilaren 20a
09:01
Entzun

Hillary Rodham Clinton izan da bart New Yorkeko primarioetako protagonistetako bat, Bernie Sanders atzean uzteko boto baliogarriak lortu baititu. Bera izango da, gaur atzo baino ziurrago, Etxe Zurirako lehendakarigai demokrata. New Yorken botoen %57,9 lortu ditu eta Sandersek, berriz, %42,1. Gogor saiatu da New Yorken; hitzordu garrantzitsua eta erabakiorra zen berarentzat ere, eta dirutza erabili du telebistako kanpainetan eta mitin jendetsuetan, baina ordezkarien defizit ia gaindiezina du geratzen diren hemeretzi hizorduetan. Abantaila handia eskuratu beharko luke ia primario guztietan.

Horregatik, Clinton irabazleen plantan mintzo da: "Garaipena bistan da" esanez agurtu zituen atzo gauean bere jarraitzaileak. Eta jarraitzaileek bera Etxe Zuriko presidente irudikatzen dute dagoeneko, AEBetako historian lehen presidente emakumea izango litzatekeena.

Sandersentzat izan zituen ondoren esanak: "Ez da nahikoa arazoak zein diren ikustea; horiek nola konpondu behar diren azaldu behar da". Politikagintzan eta gobernuan daukan esperientzia eta erabakigarritasuna dira bere tresnak kanpaina egiterakoan, hain zuzen, pragmatismoaren eta errealitatearen ezagutzaren balioa.

Une gozoa Trumpentzat

Donald Trumpek botoen %60,5 lortu ditu New Yorken, eta bere bi arerioak urrun utzi ditu: John Kasichek botoen %25 eskuratu ditu, eta eta Ted Cruzek %14,5 besterik ez. Horrek ez dio errepublikanoen hautagaitza ziurtatzen, eta Clintonena baino zailagoa du bidea bere alderdian, baina bera da, dudarik gabe, faboritoa, eta New Yorken arnasa hartu du, azken hitzorduetan apaldu egin baita bere ospea.

Errepublikanoen arteko lehia zikinean irabazle izaten ari da, eta aurkariak ahul geratzen ari dira, baina Trumpek alderdia bera du kontra, eta hori egiten ari zaio gainditu ezin duen oztopoa. Horregatik, alderdiak nahi du konbentziora behar dituen ordezkariak lortu gabe iristea, modu horretara alderdiaren esku izateko erabakia, Trump kanpoan uzteko.

Azken aldiko istiluek ez diote lagundu Trumpi, eta horregatik, New Yorkeko kanpainarako jende ezagunaz inguratu, eta moderatuago agertu da: ez ditu sare sozialetan ohi dituen mezu irainkorrak eta xenofoboak egin, eta bart gauean ere "hurrengo hitzordurako lanean jarri" beharraz jardun zen, Mexikoko mugan eraiki nahi duen murrua edota beste gai gatazkatsuak aipatu gabe.

Ted Cruzek eta John Kasichek, berriz, azken hitzorduetan ikusitako argi izpi txikia New Yorkekoak ilundu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.