Ekialde Hurbila

Trumpek zigor ekonomiko gehiago ezarriko dizkio Irani

Teheranek lehen erantzun militarra eman du Soleimaniren hilketagatik: asteartean, 22 misil jaurti ditu AEBetako armadak Iraken erabiltzen dituen bi base militarren kontra. Asteazkenean, berriz, milizia batzuek Bagdadeko AEBen enbaxadari eraso egin diote.

Ander Perez Zala - Mikel P. Ansa
2020ko urtarrilaren 8a
23:39
Entzun

Astearteko erasoaren eta AEBetako presidentearen hitzaldiaren ondoren iritsi da azkeneko erasoa. Asteazken gauean, 21:30 aldean, bi katyusha misil jaurti dituzte Bagdadeko Zona Berdera. Nazioarteko ordezkaritzak daude bertan, eta AEBek han duten enbaxadatik gertu erori dira bi misilak. Lehen berrien arabera, ez dute inor zauritu.

Erasoa bere gain nork hartuko duen argitu bitartean, pentsa liteke Iranen zale diren milizia batzuek egin dutela eraso hori. Astearte gaueko misil balistikoak Irandik jaurti zituen, Irango armadak berak, baina asteazken honetako katyusha misilak Irakeko lurretik jaurti dituzte, eta ibilbide motzagokoak dira. Edozein moduz, ez da Zona Berdean horrelako erasoak gertatu diren lehen aldia.

Eraso hori gertatu aurretik, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak diskurtso gogorra erabili du Iranen astearteko erasoari erantzuteko. Etxe Zurian egindako agerraldian, agintaria kritiko agertu da Teheranen jarrerarekin, eta jakinarazi du Irani zigor ekonomiko «indartsu» gehiago ezarriko dizkiotela, egoera «balioesten» duen bitartean: «Iranek jarrera aldatzen duen arte iraungo dute».

Asteartean Irakeko bi base militarren aurka gertatutako erasoan ez dela hildakorik izan baieztatu du Trumpek. Haren iritziz, Qassem Soleimani Irango Guardia Iraultzaileko jenerala zena «terrorista bat» zen, eta hura «aspaldi» hil behar zen: «Kaosa eta gerra zibilak eragin ditu Ekialde Hurbilean». Diskurtso gogorra erabili duen arren, ez dirudi Trumpek beste eraso militar bat egiteko asmoa duenik; hori iradoki du gaurko diskurtsoan: «Iran erretiratzen ari da». Gaurko agerraldiaren aurretik, Twitter sare sozialaren bidez esan du «dena ondo» dagoela: «Munduko armadarik boteretsuena daukagu, alde handiz».

Teheranek asteartean eman zuen lehen erantzun militarra Soleimaniren hilketagatik. Irango agintariek ohartarazi zuten «mendekua gogorra» izango zela, eta astearteko ordu txikietan, jenerala zenaren hileta amaitu eta gutxira, Iraultza Islamikoaren Guardien Armadak dozenaka misil balistiko jaurti zituen Irakera, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) armadak erabiltzen dituen bi base militarren aurka.

Ali Khamenei aiatolaren iritziz, eraso hori «zaplazteko bat» izan da «AEBen aurpegian», baina ohartarazi du misil jaurtiketa horiek ez direla «nahikoa» izan: «Amerikarren presentzia da axola duena. Hori amaitu egin behar da». Aiatolaren hitzek AEBei eman beharreko erantzunari buruzko barne desadostasunak utzi dituzte agerian, eta, ziurrenik, herritar askok pentsatzen dutenaren bozgorailua izan da. Armada estatubatuarrak Ekialde Hurbilean duen eragina ezereztea du helburua Iranek orain.

Ali Khamenei Irango aiatola, gaurko agerraldi batean. EFE

Teheranek jakinarazi du «amaitu» dituela Iraken dauden AEBen indarren aurkako erasoak. Irango Atzerri ministro Javad Zarifek, gainera, adierazi du Iranek ez duela nahi «gerraren goraldirik», baina «bere burua defendatuko» duela «edozein erasoren» aurka. Hassan Rohani Irango presidentea gogorrago mintzatu da: «Erasoak frogatzen du Iranek ez duela atzera egiteko asmorik AEBen aurrean. Eskualdeko herrialdeen erantzuna jaso behar dute». Zarifek profil diplomatikoa erakutsi duen arren, Rohanik eta Khameneik irmo hitz egin dute.

AEBetako armadak Ain al-Assaden du Irakeko base militarrik handiena, herrialdearen mendebaldean, eta hari egin diote eraso asteartean; iturri batzuen arabera, hamabost misil jaurti dituzte hara, eta hamazazpi erori dira basean. Irakeko Kurdistanen dagoen Arbilgo base militarrari ere egin diote eraso, eta Pentagonoak baieztatu du Iranek bi base horiei eraso diela.

Iranek Soleimani Martiria operazioa izendatu du AEBen aurkako astearteko operazioa, eta jenerala hil zuten ordu berean hasi dira misilak jaurtitzen, 01:20 inguru zirela —Euskal Herrian, 22:50—. Ordu horretan, joan den ostiralean, AEBetako armadak igorritako drone batek Soleimani hil zuen, Irakeko hiriburuko aireportuan, eta, hain justu, eraso dioten base militar horietako batetik bidali zuten drone hori.

Estatu Islamikoaren aurkako nazioarteko koalizioak Ain al-Assaden du Irakeko base militarrik handiena, herrialdearen mendebaldean, eta tartean estatubatuarrak dira soldadu gehienak. Hari egin diote eraso misil balistikoekin. Irakeko Kurdistanen dagoen Arbilgo base militarrari ere egin diote eraso bost misil erabilita, eta Kurdistango Eskualde Autonomoko Gobernua kexu agertu da jaurtiketa horiengatik –Siriako Kurdistango errefuxiatu gune batetik hurbil izan zen—.

Ohar baten bidez, Arbilek ohartarazi du «ekintza militarrek» ez dituztela «arazoak konpontzen», eta Irani eta AEBei eskatu die gatazka Kurdistandik «urruntzeko». Irakeko Gobernuak bazuen erasoaren berri, Adel Abdul Mahdi jarduneko lehen ministroak jakinarazi duenez; eskualde autonomokoak, ordea, ez zekien ezer.

Hildakorik ez

Washingtonek eta Bagdadek adierazi dute erasoaren ondorioz ez dela hil beren armadako soldadurik, eta NATOk ere baieztatu du ez dela inor hil —tropa batzuk erretiratzen hasi da gaur—. Teheranek beste bertsio bat eman du, eta esan du dozenaka pertsonak galdu dutela bizia, eta kalte handia eragin diotela AEBen ekipamendu militarrari; Tasnim albiste agentziaren arabera, 80 militar hil dituzte, baina ez dago baieztatuta.

Hildakoen kopuruari buruzko bertsioen inguruan, aditu batzuk zabaltzen ari dira litekeena dela Iranek inor nahita ez hil izana, eta misilak bere erantzuteko gaitasuna frogatzeko jaurti izana. Baina, aldi berean, hilik ez bada, gobernuak barne presioa handia izan lezake —agintarien atzoko adierazpenek erakutsi bezala— askok erasoa porrot gisa hartuko luketelako.

Trump, gaurko agerraldian, Defentsa idazkaria eta presidenteordea alboan dituela. Michael Reynolds / EFE

«Satan Handiari» abisua

Astearte gaueko erasoa hasi eta laster, Irango armadak agiri bat kaleratu du, erasoa bere gain hartzeko. «Ohartarazten diogu Satan Handiari, AEBetako gobernu odolzale eta harroputzari, edozein mugimendu edo erasok erantzun mingarriago eta gogorragoa ekarriko duela».

AEBei «aholkatu» die Ekialde Hurbilean dauzkan soldaduak etxera eramateko, «haien bizitzak arriskuan ez jartzeko». Israeli ere abisu bera egin dio, eta eskualdeko herrialde guztiei ohartarazi die ezen, AEBei beren lur eremua uzten badiete Irani erasoak egiteko, haien kontra ere joko dutela.

Mehatxu ere egin du AEBek erantzunez gero Haifa (Israel) eta Dubai (Arabiar Emirerri Batuak) «suntsituko» dituela. Nazioarteko analista batzuen ustez, mendeku operazioa bere horretan bukatuko da AEBen partetik beste mugimendurik ez badago.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, berriz, gaurko gertakariak baliatu ditu Siriako Kurdistan bonbardatzeko, Kurdistango Langileen Alderdiaren (PKK) aurkako operazio batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.