AEBetako hauteskundeak

Trumpen garaipenak urduriago jarri ditu AEBetako errepublikanoak

Astearte Handian emaitza onak lortu ditu magnateak. Demokraten artean Clinton aise nagusitu da, baina Sandersek lehian jarraitzen du

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko martxoaren 3a
13:17
Entzun

Hillary Rodham Clinton demokrata eta Donald Trump errepublikanoa aurrera doaz Etxe Zurirako presidentegai izateko lehian. Astearte Handiko garaile nagusiek ez dituzte nahikoa ordezkari matematikoki izendapena eskuratzeko, baina dagoeneko forma hartzen ari dira AEBetako hauteskundeetarako aukerak. Demokratak beren bidea egiten ari dira, gutxi gorabehera espero zitekeen bezala, baina errepublikanoen artean lurrikara moduko bat dago egunotan, beren presidentegai izan daitekeena alderdiaren ikur guztiak hautsita egiten ari baita aurrera, forma lotsagabeenak eta zikinenak erabilita, gainera. Donald Trumpek kontrolpetik ihes egin die, eta beranduegi izan daiteke.

Ben Carson errepublikanoen hautagaietan bosgarrenak bilera pribatu bat egiteko eskatu zien atzo lehiakideei, izan ere, errepublikanoak ematen ari diren itxura txarra konpondu beharra dago, Carsonen ustez: «Mundu librearen kargu boteretsuena hartzeko helburua dutenengandik askoz gehiago merezi du herriak, eta kanpaina okerrera doala-eta daukan kezka partekatzen dut. Lotsagarria gertatzen ari da». Alderdia balantzaka dabil, itxura ilun eta gezurtia emanez, intolerantzia eta banaketaren sinbolo bilakatuz. Trumpi ongi ateratzen ari zaio bere estrategia zikina, baina ez, ordea, alderdiari, eta atzo, Carson bezala, hainbat buruzagi errepublikano mintzatu ziren itxura aldatzeko eskatzeko.

Lehian diren aurkariek, ordea, Trumpen estrategia bera jarraituz, irainak erabiltzeaz aparte, ez dute lortu haren kontra egiteko beste biderik, eta denbora amaitzen ari zaie beste ezertarako, martxoaren 15ean ia erabakia geratu baitaiteke hautagaia nor izango den. Lau hitzordutan, beste hamabost estatutan egingo dituzte hauteskundeak.

Trump erraz gailendu da Alabaman, Massachussettsen, Tennesseen eta Georgian; eta alde txikiagoz, Arkansasen, Vermonten eta Virginian. Alderdikideen kritikei bizkar emanez, «batasunaren irudia» bera zela esan zuen garaipena ospatzeko hitzaldian. Baina, batez ere, bere lehiakide handientzat duenarenganako kritikak egin zituen. Hillary Clinton «Obamaren kopia txarra» besterik ez zela esan zuen.

Ted Cruz ebanjelaria geratu da, berriz, Trumpen atzetik, bere etxea den Texasen eta Oklahoman irabazita. Trumpen alternatibatzat du bere burua Cruzek, baina erlijioak zeresan handia duen Texas inguruko estatuetan Trumpek irabazi dio, eta, horrez gainera, ez da alderdiaren gustukoena; Senatuan daramatzan hiru urteetan bere alderdikide guztiekin izan ditu liskarrak, baina okerrena da errepublikano gehienek ontzat jotzen ez dituzten muturreko teoria erlijiosoak praktikan jartzea izango litzatekeela bere ametsetako bat.

Trumpi ez beste hautagai errepublikanoei lehia uzteko eskatu zien atzo Cruzek, ez dutela-eta maila ematen. Ohartarazi zien botoa hautagai askoren artean banatzeak Trumpi egiten diola soilik mesede.

Marco Rubio bai, hori da alderdiko klasikoenen kuttuna, baina ez da maila ematen ari; ez du asmatu nola iritsi jendearengana: Virginia eta Minnesotara bideratu zuen astearteko borroka, eta Minnesotan irabazteak lehia uztetik salbatu duen arren, gainerakoetan lortu dituen emaitza txarrek zer pentsatua emango diote.

Clinton, irabazle handia

Egoera ezin zitzaion hobeto jarri Hillary Rodham Clinton demokratari. Trumpen garaipenak soilik hari egin diezaioke mesede, eta bere esku dauden etxeko lanak ongi egin ditu. Aurreikuspenak bete eta gainditu ditu demokraten artean. Clintonek estatu gehienetan irabazi du: 11 estatutatik zazpitan, eta botoen %60 baino gehiago eskuratu ditu, faboritoa dela berretsiz demokraten presidentegai izateko. «Irabazi dugu», esan zien jarraitzaileei astearte gauean.

Oraindik ez dauka garaipena ziurtatuta, Bernie Sanders arerioak lehian jarraitzen baitu, alde handia dagoen arren: lau estatu bereganatu ditu Sandersek. Clintonek Alabaman, Arkansasen, Georgian, Tennessen, Texasen eta Virginian aise irabazi du; Massachusettsen, berriz, irabazi arren, gertu gelditu zaio Sanders. Azken hori Oklahoman, Minesotan, Coloradon eta Vermonten nagusitu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.