AEB-ak

Trumpen kanpainan iruzur egin izana aitortu du haren abokatu ohiak

Estatuburuarekin harremanak izan zituzten bi emakumeri ordaindu zien Cohenek, ezer zabaldu ez zezaten.

Michael Cohen abokatu ohia, auzitegietatik irteten, New Yorken. JASON SZENES, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko abuztuaren 22a
07:13
Entzun

Zerga eta finantza iruzurra ere onartu ditu, baina eskandalua eragin duena beste aitortza bat izan da. Cohenek onartu du bi emakumeri ordaindu ziela orduan presidentetzarako hautagai zen Donald Trumpekin izandako harremanen berri zabal ez zezaten. Hori egin zuenean estatuburuaren abokatua zen Michael Cohen.

Cohenen arabera, Trumpek esan zion "nahitaezkoa" zela bi emakumeen isiltasuna erostea. Orotara zortzi delitu aitortu ditu: bost zerga ihesarengatik, bat bankuei iruzur egiteagatik, beste bat enpresen legez kanpoko ekarpenengatik eta azkena bi emakumeen isiltasuna erosteagatik. Abokatu ohiak akordioa egin du fiskaltzarekin, eta, horri esker, 65 urteko kartzela zigorra izan zitekeena gehienez ere bost urtera mugatuko da.

Ordea, Cohen ez da izan erruduntzat jo duten Trumpen aholkulari bakarra. Iruzur egitea egotzi diote Paul Manaforti ere. Trumpen kanpaina zuzendaria izan zen Manafort, baina hari egozten zaizkion delituek ez dute zuzeneko loturarik estatuburuarentzako egiten zuen lanarekin.

AEBetako presidenteak, hala ere, ez die kazetarien galderei erantzun nahi izan, ez behintzat Cohenen aurkako salaketen ingurukoei. Manaforti buruz, berriz, esan du "atsekabetuta" dagoela hari gertatutakoarekin, baina ukatu egin du berekin zerikusia duela, eta bere aurkako "sorgin ehiza" gaitzetsi du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.