AEB-etako hauteskundeen ondorena

Trumpi ongietorria eman dio Obamak, eta botere trantsizioa hasi dute

Urtarrilaren 20an hartuko du presidentetza Trumpek, eta gaur, aurreneko bilera eginda, trantsizioa abiatu dute Obamak eta berak. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroarekin ere hitz egin du gaur Trumpek, eta Erresuma Batuak eta AEBek "lehentasunezko harremana" izatea adostu dute. Gaur bertan, dozenaka milaka lagun kalera atera dira Trump presidente izatearekin ez daudela konforme adierazteko.

Trump eta Obama, Etxe Zurian. MICHAEL REYNOLDS /EFE
2016ko azaroaren 10a
07:51
Entzun

Ateak itxita, boterea batetik bestera pasatzeko aurreneko bilera egin dute Barack Obama jarduneko presidenteak eta Donald Trump presidente aukeratu berriak. Urtarrilaren 20an hartuko du boterea Trumpek, eta Obamak atzo esan zuen hausturarik gabe egin nahi duela trantsizioa. Agerikoak dira bien arteko desadostasunak, baina, ahalegina egiteko prest agertu da Obama.

Trumpek bileraren ostean esan du gogoz dagoela Obamarekin lan egiteko; "gizon oso ona" dela esan du, eta aginduan dagoen garaian aholkua eskatuko diola. "Arrakasta" opa dio Obamak, "herriaren onerako". Datozen bi hilabeteetan hainbat gairi buruzko adostasunak lortzea gustatuko litzaiokeela gaineratu du: "Orain, ahal dugun guztia egingo dugu zuk arrakasta izan dezazun; zuk arrakasta baduzu, herrialdeak ere hala izango duelako", esan dio.

Harekin bildu aurretik, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroarekin ere hitz egin du gaur Trumpek, eta bi agintariek adostu dute herrialdeen arteko harremanak sakontzea, eta harreman horiek "lehentasunezkoak" izatea. Honela esan du Mayren kabineteak: "Lehen Ministroa eta Trump presidente aukeratua ados daude AEBen eta Erresuma Batuaren harremana oso garrantzitsua dela, eta oso berezia. Beraz, horretan sakontzea lehentasuna izango da bientzat".

Donald Trumpek Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskundeak irabazi ostean, dozenaka milaka lagun elkartu dira protestan herrialdeko hiri nagusietan. 25 hiritan baino gehiagotan izan dira mobilizazioak, eta New Yorkekoa izan da handienetakoa; Trump Dorrearen aurrean batu dira milaka lagun, besteak beste "ez da nire presidentea" oihukatuz. 65 lagun atxilotu dituzte.

Chicagon, Seattlen, Atlantan, Bostonen, Denverren, Austinen, Portlanden, San Frantziskon eta Oaklanden ere jendetsuak izan dira manifestazioak. Guztiak Alderdi Demokrataren alde egin ohi duten hiriak dira.

Liskarrak izan dira zenbaitetan, eta guztira 30 lagun inguru atxilotu dituzte. Portlanden, esaterako, 2.000 lagun batu dira, eta "KKKri [Ku Klux Klani] ez, AEB faxistari ez, Trumpi ez" oihukatu dute. Los Angelesen, berriz, ehunka lagun atera dira kalera AEBetako eta Mexikoko banderekin, "ez tirokatu" oihukatzen. Hiriko errepide nagusietako bat moztu dute, eta ordubetez arazoak izan dira zirkulazioan. Oaklanden 6.000 lagunek egin dute bat protestekin, eta istiluak izan dira horien eta Poliziaren artean.

Hillary Clinton hautagai demokratak eta Barack Obama AEBetako jarduneko presidenteak beren jarraitzaileei eskatu diete emaitzak onartzeko. Hain justu, gaur arratsaldean batzartuko dira Obama eta Trump, botere eskualdaketaren inguruan hitz egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.