Palestinarrek egindako adierazpenen arabera, hiru misil lehertu ziren 3.000 lagunez osatutako manifestazio bat hurbiltzen ari zelarik Rafako Tal Sultan auzunetik, Israelgo Armadak atzo ere han zeraman araketa eta etxe suntsiketa operazioaren salatzeko xedez. Lehergailuak Apache helikoptero batetik jaurti zirela zehaztu zuten lekuko hauek. Tsahalek, haatik, gezurtatu zuen gerra helikoptero batetik tiro egin zela manifestarien aurka. «Misil bakar bat jaurti zen jenderik ez zegoen eremu batera, manifestariek aurrera egin ez zezaten abisu egite modura» azaldu zuen Israelgo Armadako eledun Sharon Feinghold kapitainak. Honek aitortu zuen, hala ere, Tsahalen tankeek botatako morteroek zituztela protesta egileak bete-betean harrapatu eta «errugabe batzuk hiltzeaz errukiak» azaldu zituen. Halaber egin zuen Zeev Boin Israelgo Defentsa ministrordeak legebiltzarrean, diputatu arabiarrek, leku berean, «gerra krimenak» burutzeaz akusatu zutelarik Ariel Sharonen gobernua.Manifestazioan hildako 10 lagunez gain, beste 4 palestinarrek bizia galdu zutenTsahalek Rafan atzo jarraitutako erasoan. Palestinarren arabera, soldadu israeldarrek hil zituzten errenditu eta gero. Tsahalek, aldiz, ukatu zuen tiro egin zuenik euren etxeetatik, soldadu israeldarren manuei amore emanda, atera ziren palestinarren aurka.Etxez etxe egindako araketaren eta Tal Sultaneko bizilagunei bozgoragailuz kalera irteteko manuen ondorioz, ehun bat palestinar gazte atxikotu zituen Tsahalek. Guztiak gizonezkoak ziren ehun palestinar hauek Rafa Yameko koloniara galdezketatzerat eraman aurretik, Tal Sultaneko biztanle gehienak eskola batean bildu zituzten. Atzoko hilketak kontutan hartuta, Israelgo Armadak 48 palestinar hil ditu Rafan joan den ostiralean 'Ortzadarra eta hodeiak' ekitaldia hasi zuenetik. Asteartean soilik, 20 palestinar hil zituen Tsahalek. Iragan aste amaieraz geroztik ere, Egiptoarekiko mugaldean kokatutako Rafako 150 etxe lurrera bota ditu Israelgo Armadak, 1.200 lagunetik gora kale gorrian utzita. Gainerat, Rafako errefuxiatu biziguneko 2.000 biztanlek Rafako hirira ihes egin behar izan dute.Atzoko egunaren balantzeari dagokionez, Rafako hildakoez gain, Tsahalek Al-Aksako Martirien Brigadetako bi kide hil zituen Janinen eta Nabulusen.
Tony Blairren gaitzespenak
Errusiak eta Erresuma Batuak, besteak beste, kondenatu dituzte Israelgo Armadak Rafan egunotan burutzen dituen erasoak. Liga Arabiarrak ere salaketa gogorrak egin ditu eta Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeari dei egin dio Israelen operazio militar hau gaitzesteko ebazpen bat bozkatu egin dezan.
Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak «onartezin eta bidegabekotzat» jo du Israelgo Armadak egunotan Rafan daraman ekitaldia. Adierazpen hauek egin zituen atzo Parlamentuan, Gerald Kaufman diputatu laboristak bere jarrera argitzeko eskatu ziolarik. Blairren kondena hitz hauek entzun zituzten, halaber, Parlamentu britainiarrean bisitaz zebiltzan Palestinako Parlamentuko ordezkaritza bateko kideek, hauen artean zegoelarik Gazakoa den Rawhi Fattu parlamentuko lehendakaria. Tony Blairrek gehitu zuen Israelek Gazatik alde egiteko prozesuak aurrera egin behar duela, Errepide Mapan zehaztutako konponbide egonkorra gauzatzearen bidetik.
-
GAZA
Bitartekorik gabeko oso lurralde populatua
Munduko lurralde populatuenetakoa da Gaza: 1,3 milioi palestinar bizi dira, 40 kilometroko luzera eta 5 kilometroko zabalera duen eskualdean. Horri lurraren %25 kendu behar zaio, gainera, 7.000 kolono juduen esku baitago gehienak muturrekoak.
Bigarren Intifada hasi zenetik, Israelek aldi luzez itxita izan du Gaza, etxeratze aginduak maiz eman ditu eta eraso militar ugari egin. Hala, pobrezia maila oso altua da: biztanleen %75 txiroak dira eta gosetea larria da. Gazako biztanleen erdiek NBEko Palestinarrak Laguntzeko Agentziaren (UNRWA) larrialdiko elikadura laguntza jasotzen dute. Alabaina, UNRWAk salatu du Tel Avivek jarritako oztopoek laguntza ematea blokeatu duela. Gazan erresistentzia talde palestinarrek sostengu handia dute, batez ere errefuxiatu guneetan. Bertan 1948 eta 1967ko gerretan ihes egindako familiak bizi dira. Israelek askotan eraso die errefuxiatu guneei.