Tsunamiak hildakoak 525 dira eta beste itsasikara bat izan da Indonesiako Java uhartean

Gobernuak oraingoan alerta egoera zabaldu bazuen ere, herritarrak mendietan babestu dira

ANE AZURMENDI
2006ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Indonesian astelehenean izandako tsunamiak 525 hildako, 510 zauritu eta 230 desagertu eragin ditu dagoeneko. Java uhartea, baina, beste lurrikara batek astindu zuen atzo. Richterren eskalan 6,1 gradu izan zituen. Indonesiako Gobernuak azken dardara honen berri izan eta berehala alerta egoera ezarri zuen. Jakarta hiriburuan ere sentitu zuten seismoa, baina, itsasertzetik hego-ekialdean izan zuen epizentroa. Biktimen berri edo kalte handien berri ez dute eman oraindik eta ez dirudi dardara honek olatu erraldoiak sor ditzakeenik. Indonesiako Metereologia eta Geofisikako Agentziak seismoaren epizentroa itsasertzetik 190 kilometroraizan zela jakinarazi zuen.

Indonesiako Gobernuak herritarrei asteleheneko tsunamiaren berri emateko bitartekorik ez zutela izan azaldu zuten. Tsunamiaren berri herritarrei emateko behar den sistema jartzeko diru iturririk ez dutela azaldu dute.Jakartako Sismologia Agentziakoen arabera, sirenak eta bozgorailuak jarri beharko lirateke, baina, hori egiteko aukerarik ez dagoen bitartean, posta elektronikoaz eta mezu elektronikoak modu masiboan bidaltzen saiatu daitezkeela azaldu dute. Nahiz eta, arrantzaleen herri txiki asko komunikazio sare horretatik kanpo geratuko ziren, sarerik, koberturarik edo ordenagailurik ez dutelako.

UNESCO POZIK ALERTA SISTEMAREKIN. «Tsunamien alerta sistema berriak ongi funtzionatu zuen astelehenean, Indonesiako agintariek garaian jaso zutelako informazioa», esan zuen, Koichiro Matsuura, Unescoko zuzendari nagusiak. Hala ere, «azken etapa oraindik egiteko dago, hain zuzen ere, informazioa herritarrengan helduko dela ziurtatzen duen fasea», gaineratu zuen.

Tsunamiak kaltetutako tokietara laguntza iristen hasi zen atzo. Agintariek kaltetuak oso sakabanatuta daudelako laguntza humanitarioa ondo banatzea oso zaila dela azaldu dute. Askok gauetan hondartzetatik urruti lo egitea erabaki dute, haien esanetan, ez direlako agintariez fio. «Nork sinetsi behar die? Astelehenean tsunamia zetorrela ez ziguten esan, eta ez digute abisatuko beste bat baldin badator». Gobernua kritikatzen dute herritarrek eta nazioarteko laguntza eskatzen dute. «Nazioarteko laguntza behar dugu. Alerta sistema egoki batekin hondamendi hau saihestuko genuke, baina agintariek ez dute ezer egin» adierazi zuen Wesi Firnadi, Jogyakartako unibertsitateko ikasleak.

NBEk giza laguntza koordinatzeko duen bulegoak hondamendi natural honek eragindako kalteak ez direla beste batzuetan bezain handiak izan uste du. Indonesiak eskaera formala egiten badio, nazioarteko laguntzari ate bat irekita utziko diotela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.