Misterio handia da oraindik Siberian (Errusia) Tunguska ibaiaren inguruetan 1908an jazo zen leherketa handia. Kometa batek Lurra jota eragin zuela diote zenbait adituk, meteorito baten ondorioa izan zela beste batzuek. Ameslarienek, fenomeno paranormalekin lotzen dute, temati. Irudimena dantzan jartzeko moduko gertakizuna izan zen zinez; Hiroshiman leherrarazitako bonba atomikoa baino mila bider indartsuagoa izan zen eztanda hura. Garai hartako kroniken aburuz, Londreseraino iritsi zen eztandaren distira. Tunguska inguruetan, ordea, txiki-txiki eginda utzi zituen parajeez harago, ez dute adituek inoiz eztanda eragin zuen elementuaren --dela kometa, dela meteorito-- aztarnarik aurkitu, ez eta hark eragindako zulorik ere. Bolognako (Italia) ikertzaile talde batek aditzera eman duenez, ordea, eztandak eragindako kraterra hango aintzira batean dagoen susmoa dute, Cheko lakuan hain justu.
Aditzera eman dutenez, lakuak barruko aldean inbutu forma du, eta hori gertakizun bitxiak eragin zuen susmoa dute; eztandaren ondorioz arrokaren batek lurra jo, eta orduan sortu zela aintzira. Nolanahi ere, frogatzeke dute oraindik beren susmoa. Horregatik, datorren urtean aintzirara joan eta indusketak egin nahi dituzte. Aintziraren hondoan material estralurtarra aurkitzen badute, beren teoria berresteko moduan egongo direla uste dute. Terra Nova argitalpenean eman dute beren ikerketen berri. Luca Gasparini eta Giuseppe Longo izan dira orain arteko lanak zuzendu dituzten zientzialariak.
Duda handiekin hartu dute zenbait adituk Italiako ikertzaileen susmoa. Cheko aintziran benetan krater bat balego inguruko parajeetan talkaren aztarnek argiagoak behar luketela diote. Halaber, inork ez daki zehazki aintzira hori eztandaren ondoren sortu zen ere.Iragan mende hasiera arte inguru horretako mapak ez ziren batere zehatzak.
Tunguskako eztandak ustez eragindako kraterra aurkitu dute
1908an Siberian jazotako fenomeno bitxiaz dudak daude oraindik; laku batean ari dira orain zantzu bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu