Zine el Abidine Ben Ali egungo presidenteak bost agintaldia bete ditu jarraian, ia botoen ehuneko ehunen babesarekin beti. Alderdi Konstituzional Demokratikoak mende erdia darama agintzen. Habib Burgiba 30 urtez egon zen presidentetzan, 1956tik 1987ra, eta gero Ben Alik hartu zuen lekukoa; Burgibaren osasun egoera aitzakia harturik, zuzenean hartu zuen haren kargua.
Tunisiako herritarrek, beraz, ederki ezagutzen dituzte balizko demokraziaren ondorioak. Ben Alik boterean betikotzeko baliatu dituen bideak ez baitira benetako demokrazia batenak, eta poliki baina etengabe bideratu ditu oposizioaren kontrako ekimenak. Florence Beauge kazetariaren esanetan, herrialdea teknokrata talde on batek gidatzen du, eta urtero %5eko hazkunde tasak iragartzen ditu. «Baina galdetuz gero, tunisiar gutxik erantzungo dute zoriontsuak direla». Halima Juini Emakume Demokrata Tunisiarren Elkarteko kideak ere herrialdea itotzen ari dela salatu du: «Gobernuak oinarrizko eskubideen aurka egiten du etengabe, elkartzeko eta adierazteko askatasuna ukatuz». Egonkortasun itxuraren azpian zapalkuntza bortitza ezkutatzen dela dio: «Mundu guztia dago erreprimiturik. Elkarteak debekatu eta kontra egitera ausartzen den oro jarraitu eta atxilotzen dute, inongo arazorik gabe».
Ben Aliren gobernuak, ordea, aliatu boteretsua dauka: Europako Batasuna. EBko estatu kideek begi onez ikusten dute presidentearen demokrazia dekoratua, eta giza eskubideen urraketek ez dute baldintzatzen bien arteko harremana. Iaz hamaikagarrenez hauteskundeak irabazi zituenean, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak berak zoriondu zuen Ben Ali, «Tunisia estatu demokratikoen eredu» zela esanez.
EBren bedeinkapenarekin, beraz, askatasun osoz ari da Ben Ali. Europari haren gobernuaren bi ezaugarri interesatzen zaizkio: alde batetik, ekonomia, eta, bestetik, immigrazioa. 2008an martxan ipini zuten truke librea egiteko proiektu bat, herrialdeko industria gaiekin eta beste zenbait zerbitzurekin askatasunez negoziatzeko. Hamma Hammami Tunisiako Langileen Alderdi Komunistako buruaren esanetan, Europako 3.000 enpresatik gora daude herrialdean, «biztanleak ustiatu eta herrialdeko aberastasuna beretzen dutenak».
Oposizioa isilaraziz
Ben Aliren gobernuak, testuinguru mesedegarri honetan, aurrerapauso bat eman nahi du orain: Europarekin Estatutu Aurreratua deituriko erlazio pribilegiatua eskuratu. Marokok 2008an hitzartu zuen estatutu hori, eta Tunisiak urte bukaeran eskuratzea espero du. Eskumen horrekin, kontinentera gerturatuko litzateke ekonomikoki zein politikoki. Oposizioak gogor salatu du hori, baina, hori ikusirik, neurriak gogortu ditu presidenteak, eta ahots disidenteak bost urtez kartzelatu ahal izateko legea onartu. Parlamentuak ekainean babestu zuen legea, «Tunisiaren kontra egiten dutenak» atxilotu ahal izateko.
Europak Tunisian duen bigarren interesa immigrazioa da. Ben Aliren gobernuak oso kontrolatuta dauzka herritarrak, eta ihes egiteko asmoz mugetara hurbiltzen direnak atxilotzen ditu. Fathia Hizem Emakume Demokrata Tunisiarren Elkarteko kidearen esanetan, terrorismoa eta immigrazioa dira Europaren beldurrak, eta Ben Aliren gobernuarekin ekiditen dituela uste du. «Baina gizartea benetan demokratizatzean eta askatzean baino ez da desagertuko terrorismoaren ideia».
Hizemen esanetan, «demokrazia amaitzeko aitzakia» besterik ez da terrorismoa Tunisiarentzat. Amnesty Internationalek, iaz ateratako txostenean, salatu zuen 450 pertsona atxilotu zituztela terrorismoaz akusatuta. Horietako askok torturak jasan zituzten, txostenaren arabera. «Gure herrialdeak hamar milioi biztanle ditu, eta 140.000 poliziak dira. Gainerako estatuek ez ikusiarena egiten dute» .
Gobernuak guztiak zentsuratu ditu: oposizioa, elkarteak, alderdiak eta komunikabideak. Azken horiek, zentsuratu ez ezik, manipulatu ere egiten ditu: «Azken hauteskundeetan egunkari guztiek sufritu zuten zentsura eta manipulazioa, edukiaren %89 Ben Aliren alderdiaren aldeko propagandari eskainiz. Soilik oposizioaren hiru egunkariek egin zioten aurre, eta, hala ere,beste egunkarietan presidentearen emazteari eskaini zitzaion lekua hiru egunkariena baino zabalagoa izan zen».
Prentsa, baina, ez da zentsura sufritzen duen bakarra. Amnesty Internationalek Interneten egoera ere salatu du. Zentsuraren kontra protesta egiteko asmoz, erabiltzaileek Ammar 404 sarea sortu dute, eta bertan irudiak ipini. Twitter sarea, berriz, eten egin dute.
Ben Aliren gobernuak, baina, ondo daki boterearen atzaparra noraino luzatu. Herritarrak ekonomikoki ito ez, baina muga-mugaraino estutzen ditu. Ekintzak nazioartean estaltzeko, ondo antolaturiko antzerkia prestatzen du, bost urtean behin egiten diren hauteskundeekin: «Ben Alik dena kontrolatzen du. Poliziaren bitartez beldurra ereiten du gizartean. Komunikabideen kontrolaz isiltasuna erosten du, eta publizitatearen laguntzaz egia estaltzen du», dio Hammamik.
Beldurraren atzaparretan
Boterea esku gutxi batzuen kontrolpean dagoen artean, oposizioa osatzen duten eta legez kanpo dauden alderdiek ezer gutxi egin dezakete egoera aldatzeko. «Ez dugu geure burua aurkezteko eskubiderik. Herritarrek badakite haien botoak ez duela deus ere balio. Demokrazia da boterea galtzeko beldur direnen etsairik handiena», salatu du Hammamik. Haren esanetan, gazteek ez dute etorkizunik ikusten beren herrialdean, eta amets bakarra dute: harga, klandestinitatean Tunisia utzi eta Europara bidaiatzea.
Beaugek Hammamiren esanak berresten ditu: «Tunisiarrak etsituta bizi dira. Beldurrak galarazten die gobernuaren kontrako ekintzak egitea: Ben Aliren erregimenak estutu egiten ditu, baina ez matxinada bat eragiteko bezainbeste». Taufik Ben Brik kazetaria bat dator: «Ez dute protesta egiteko indarrik; makurturik bizi dira. Beldur handiegia daukate; gehiegi zapaldu dituzte. Hantxe daude, bizitzarik gabe, zer egin ez dakitela».
Ben Ali
Diktaduraren arkitektoa
Tunisiako presidenteak bere neurrira eraiki du demokrazia. Zine el Abidine Ben Alik (Susa, 1936) 22 urte daramatza agintean, mende erdiz boterean egon den Alderdi Konstituzional Demokratikoarekin batera. Ikasketa militarrak egin zituen, eta, boterera iritsi zenean, ez zuen aski izan oposiziorik gabeko gobernuan agintzearekin; Konstituzioa aldatu zuen, hauteskundeetara behin eta berriz aurkeztu ahal izateko. Izan ere, Konstituzioak ez ditu onartzen 75 urtetik gorako hautagaiak, eta Ben Alik 78 urte izango ditu hurrengo hauteskundeetan. Arkitektura konplexu horrekin, oposiziorik gabeko demokrazia perfektua den diktadura bat sortu du Ben Alik.800
Oposizioko presoak. Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak jakinarazi duenez, gaur egun oposizioko 800 preso politiko daude kartzeletan; erakundeak kontzientzia presotzat jotzen ditu.Mende erdian alderdi bakarra agintean
HABIB BURGIBA1956. Tunisiak independentzia lortu zuen. Hauteskundeak Alderdi Konstituzional Demokratikoko hautagaiak irabazi zituen, Habib Burgibak, botoen %90ekin.
1974. Botoen %99,85ekin, presidenteak garaipenik borobilena lortu zuen.
1987. Hil arte jarraitu zuen karguan Burgibak.
BEN ALI
1987. Burgiba hil eta jarraian hartu zuen kargua Ben Alik, alderdiaren jarraipena bermatuz.
1994. Ia boto guztiak eskuratu zituen lehen bozetan; %99,9.
1995. Elkarkidetza Akordioa sinatu zuen Europako Batasunarekin.
1999. Konstituzioan moldaketak egin zituen, hainbat alderdi legez kanpo uzteko.
2007. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Ben Aliren politika goraipatu zuen.
2009. Botoen %89,6 lortu zituen urrian eginiko bozetan.