Tunisia krisi politikorik larrienean da, 2011ko iraultzaz geroztik. Kais Saied Tunisiako presidenteak herrialdeko parlamentuaren jarduna eten du behin-behinean, eta kargutik bota du Metxitxi lehen ministroa. Herritar batzuk pozez hartu dute erabakia, eta kalean ospatu dute bart, koronabirusaren pandemiagatik etxeratze agindua eta manifestazioetarako debekua ezarrita dagoen arren.
Saieden aurkari politikoek, berriz, 2014 konstituzioak aitortzen dizkion botereak gainditzea, eta «estatu kolpea» ematea egotzi diote. Konstituzioak atzerri gaietan eta arlo militarrean esleitzen dizkio eskumenak. Aurkariek uste dute herrialdeko egoera zaila baliatu nahi duela bere eragin ahalmena handitzeko.
Tunisiako presidenteak atzo adierazi zuen funtzio exekutiboa bere gain hartuko zuela, eta zeregin horretarako lehen ministro berri baten laguntza izango zuela. «Erabaki horiek hartu ditugu bakea Tunisiako gizartera itzuli arte eta estatua salbatu arte». Lehen ministroaz gain, Justizia eta Barne ministroak ere kargugabetu ditu.
Estatuko botere banaketari dagozkion gatazkak argitzeko, auzitegi konstituzional bat eratzea aurreikusi zuen 2014ko konstituzioak. Halakorik ez da oraindik, ordea. Epaileak izendatzeko adostasun faltak blokeatu du auzitegia martxan jartzea.
Saieden erabakiak herritarren zati baten babesa jaso du, gobernuari ez baitiote aitortzen agintean jarraitzeko zilegitasunik. Larunbatean, Tunisiaren independentziaren 64. urteurrenean, protesta jendetsuak izan ziren herrialdeko hainbat hiritan, Uztailak 25 Mugimendua talde eratu berriak deituta, COVID-19aren pandemiak herrialdean eragin dituen osasun, gizarte eta ekonomia krisiari aurre egiteko asmoz Metxitxik egin duen kudeaketa salatzeko. Istiluak izan ziren. Manifestari talde batzuek eraso egin zieten Ennahdha alderdiaren hainbat egoitzari, parlamentuko indarrik handiena den horrenei.
#Tunisia : Celebrations in Tunis after prime minister sacked & parliament suspended - following big protests across country demanding government resignation #تÙ;Â;Â;Â;ˆÙ;Â;Â;Â;†سpic.twitter.com/QacIWkyp4t
— sebastian usher (@sebusher) July 25, 2021
Rached Ghannutxi Ennahdhako buru eta parlamentuko presidenteak «iraultzaren eta konstituzioaren kontra» aritzea leporatu dio presidenteari. Haren esanetan, «Ennahdhako kideek eta Tunisiako herritarrek iraultza defendatuko dute».
Saiedek mezua bidali die bere erabakiaren kontra altxatzeko asmoa izan dezaketenei. «Armak hartzea pentsatzen ari den edonori ohartarazi nahi diot, bala bat jaurtitzen duen edonori: armadak balekin erantzungo du». Parlamentua desegitearekin batera, presidenteak immunitatea indargabetu die parlamentariei.
Ghannutxi parlamentura sartzen ahalegindu da gaur goizean, baina armadak moztu dio bidea. Kanpoan, liskarrak izan dira Ennahdhako jarraitzaileen eta gobernuaren kontrakoen artean. Aurretik, Ghannutxik berak protesta egitera animatu ditu bere alderdiko jarraitzaileak «demokrazia berreskuratzeko». Parlamentuko buruak aitortu du «zailtasun ekonomikoak» dituela herrialdeak, eta horrek gaztedia bultzatu duela protesta egitera. Baina egoera hori «demokrazia ezabatzeko eta erakundeen funtzionamendua eragozteko erabiltzea diktadoreen bereizgarria da», haren iritziz.
Al Jazeerak salatu du estatuko indarrek itxi egin dutela hedabideak Tunisian duen egoitza. «Hedabideak gatazka politikoetan ez nahasteko» eskatu du Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak.
Clash out side outside the parliament building in Tunis#Tunisiapic.twitter.com/clw9v5x3eg
— Wáµ;Â;Â;ÂÂ’ˡáµ;Â;Â;›áµ;Â;Â;‰ʳᶤᶰáµ;Â;Â;‰ Uáµ;Â;Â;–áµ;Â;Â;ˆáµ;Â;Â;ƒáµ;Â;Â;—áµ;Â;Â;‰ˢð;Â;Â;–¤;Â;Â; (@W0lverineupdate) July 26, 2021
Gobernua estu zebilen azken hilabeteetan, Tunisiako presidentearekin gatazka politiko betean, egoera ekonomiko zail bati aurre egin ezinda eta pandemiak kutsatutako eta hildakoen kopuru geroz eta larriagoekin. Herrialdeak 2011ko iraultzaz geroztik izan duen krisirik sakonena da. Langabezia tasak nabarmen egin du gora, eta estatuak murrizketa ugari egin ditu zerbitzu publikoetan.
Gobernua kreditu berri bat negoziatzen ari zen NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin, estatuko finantzen porrota saihesteko. Kreditu hori lortzeko, hainbat erreforma ekonomiko exijitu dizkio NDFk, eta gobernuak badaki neurriek herritarrengan eragin zuzena izango luketela, horiek indarrean jartzeak diru laguntzak eta sektore publikoko lanpostuak murriztea baitakar. Gobernuan eztabaida sutsuak piztu ditu gaiak.
Osasun arloan, sistema «kolapsatuta» dagoela aitortu zuen Osasun ministroak, joen den ekainean. Pandemiak 18.000 lagun hil ditu hamabi milioi biztanleko herrialdean. Herrialdeak ez du pandemiari aurre egiteko baliabide nahikorik.
Erreakzioak nazioartean
Tunisiako azken mugimendu politikoek nazioarteko hainbat eragileren erreakzioa ekarri dute. EB Europako Batasunak «konstituzioa eta zuzenbide estatua» errespetatzeko eskatu die herrialdeko alde politikoei. «Tunisiako gertakariak gertutik jarraitzen ari gara», adierazi du Nabila Massrali EBko Atzerri Gaietarako bozeramaileak. «Indarkeria» baztertzeko ere galdegin du.
Gogor mintzatu da Turkiako Gobernua. Saieden «estatu kolpea» salatu du. Haren iritziz, presidentearen azken erabakiak «zilegitasunik gabeak» dira.
Saied eta Tunisiako Parlamentua 2019an hautatu zituzten, zein bere hauteskundeetan. Parlamentuko bozek ganbera zaitu bat utzi zuten. Ez dago alderdirik ordezkarien laurdenak baino gehiago dituenik. Saied alderdirik gabeko independentea da, eta estatuburu ardura hartu zuenean hitzeman zuen, hain zuzen, ustelkeriaren kontrako borroka eta sistema politikoaren erreforma izango zituela lehentasun.
Metxitxik, berriz, iaz hartu zuen kargua, ustelkeria kasu baten ondorioz hilabete gutxi batzuk iraun zuen gobernu labur bati lekukoa hartuta. Metxitxi ere independentea da, eta Saiedek izendatu zuen lehen ministro, gobernu bat osatu eta parlamentuaren babesa lortzeko aginduarekin. Aldiz, gobernuburu ardura hartu ondoren, talka asko izan ditu Saiedekin. Presidenteak, esaterako, hainbatetan ezeztatu dizkio zenbait ministroren izendapenak.
Tunisiako Parlamentuan, Ennahdha alderdi islamistak ditu ordezkari gehien. 2011ko iraultzaren aurretik, debekatuta egon zen, baina, iraultzaz geroztik, hark lortu ditu hauteskunde emaitzarik onenak, eta hainbat koalizio gobernuren parte izan da.