protestak herrialde arabiarretan

Tunisiako preso politikoak askatuko ditu gobernuak

Bi manifestari hil dituzte Yemenen eta protestari bat Bahrainen. Muammar Gaddafi Libiako estatuburuaren seme baten egunkariak atzo hamalau hildako egon zirela zabaldu du.

2011ko otsailaren 18a
19:15
Entzun
Tunisiako behin behineko gobernuak amnistia osoa ezarri du, eta hurrengo egunetan herrialdeko preso politiko guztiak aske utziko dituztela jakinarazi du Taieb Bacuch gobernuko bozeramaileak.

Tunisiako altxamenduaren arrakasta ikusita, eta Egipton protesten eraginez Hosni Mubaraken dimisioa lortu ondoren; inguruko herrialde arabiarretara hedatu dira gobernu autoritarioen kontrako aldarriak. Hala, gaur manifestazoak, istiluak eta hildakoak egon dira hainbat herrialdetan.

Yemenen bi hildako

Protesten zazpigarren egunean bi lagun zendu dira gaur Yemenen, erreforma politikoak eta Ali Abdala presidentearen burua eskatzen zuten bi manifestazioetan. Auto batetik manifestariei botatako bonba baten eztandaren eraginez hil da haietako bat Taiz hirian. Poliziak tirokatuta zendu da beste laguna, Adenen. Hainbat pertsona daude zaurituta. Sanan 4.000 pertsona inguru bildu dira gobernuaren kontra protestatzeko. Atzo beste lagun bat zendu zen protestetan. Internation Amnistyk manifestarien aurkako indarkeria eteteko eskatu dio gobernuari.

Armadak manifestariak tirokatu ditu Bahrainen

Gutxienez pertsona bat hil du Bahraingo armadak, Manama hiriburuan. Lulu plazan gobernuaren aurka kexatzen ari ziren 500 inguru lagunei tiro eginez oldartu zaio armada, eta hildakoaz gain hainbat pertsona zauritu ditu. Bahraineko agintea monarkia sunitaren esku dago, eta xiitek behin eta berriz salatu dute bartezkeria. Astelehenean hasi ziren altxamenduak. Egoera ikusita, Salman Bin Hamad Jalifa printzipe oinordekoak esan du "borroka alde batera utzi, eta hitz egiteko denbora" dela.

=bLibia: Hamalau hildako 'Qurina'-ren arabera, 24 Al Jazeerak dioenez=b

Libiako Qurina egunkariaren edizio digitalak zabaldu duenez hamalau lagun hil ziren atzo Bengasiko istiluetan, eta segurtasun indarrek benetako munizioa erabili zuten manifestarien aurka. Muammar Gaddafi estatuburuaren seme Seif Islamena da Qurina. Al Jazeeraren arabera, berriz, 24 dira hildakoak.

Jordanian istiluak gobernuaren aldekoen eta kontrakoen artean

Jordaniara ere hedatu dira istiluak, eta gutxienez hamar lagun daude zauriturik gobernuaren aldekoen eta kontrakoen artean Ammanen gaur jazo diren liskarretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.