Atentatuak Indian

Turistak izan daitezke Bombayko atentatuetan hildakoetako hainbat

Bombayn lehertu diren bi bonba-autoak hiriko gunerik turistikoenetakoetan zeuden jarrita, eta, ondorioz, leherketek hil dituzten 50 lagunen artean oso litekeena da bisitari atzerritarrak egotea. Oraingoz inork ez ditu bere gain hartu atentatuak, baina mugimendu islamistarekin lotu dituzte.

2003ko abuztuaren 25a
17:09
Entzun
Agintariek emandako datuen arabera, gutxienez 50 dira leherketetan hildakoak; zaurituak, berriz, 130 inguru, eta haietako asko oso egoera larrian daude. Halaber, hildakoetako hainbat atzerritarrak izan daitezkeela onartu dute Indiako agintariek, hain justu, atentatuak gertatu diren guneak ohikotan turistek bisitatzen dituen lekuak direlako.

Indiako PTI agentziaren arabera, bi bonba lehertu dira, eta biak taxi banatan zeuden ezarrita. Horietako batek Zavari Bazarren egin du eztanda —turista asko ibiltzen dira bitxi azoka ezagunean, Mumba Devi tenplo bisitatuk hurbil—, eta, bestea, Indiako Atean. Agentzia horren arabera, bost minutuko epean gertatu dira bi eztandak.

Lekukoen arabera, eztandak izugarriak izan dira eta kaosa eragin dute Bombayn. Han eta hemen gorpuak eta gorputz atalak ikusten direla, eta etxeak eta autoak erabat hondatuta daudela diote lekukoek.

Oraingoz inork ez ditu erasohoriek bere gain hartu. Dena den, Polizia iturriek mugimendu islamistarekin lotu dituzte, zehazki, Lashkar-e-Toiba talde armatuarekin. Indiak Pakistanekin lotzen du, gainera, mugimendu hori. Joan den abenduaz geroztik, hainbat atentatu izan dira Bombayn, eta hinduen eta musulmanen liskarrak ohikoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.