Turisten paradisuan, ezinbizia da herritarren egunerokoa

Antilletako uhartean langabezia tasa %22koa da, eta ekonomiaren %80 kontrolatzen dute kolonoen ondorengoek

Erredakzioa
2009ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Frantziako metropolitik 7.000 kilometrora aurkitzen da Guadalupe. Uharte horretan, baita Antilletan kokatuta dagoen Martinikan ere, gizarte ondoeza ez da gaurko kontua. DOM Itsasoz Bestaldeko Departamendu horietan, kolonialismo frantziarraren sustraiak eta eragileak ez dira desagertu. Horren froga argiena da aipatu uharteetan jabetzaren %80 inguru beke-en eskuetan dela; hau da, kolono zurien ondorengoen menpe. Hala, gehienbat Frantzia aldetik iristen diren elikagai eta kontsumorako beste ekoizkinen banaketa eta salmentarako azpiegitura ia guztiak beke familiek kontrolatzen dituzte.

«Kasta pribilegiatu baten eskuetan da botere ekonomikoa eta egoera horretaz lotsagabe baliatzen da jende hori», bipil salatu duGuyana Frantseseko -hau ere DOM bat da- diputatu Christiane Taubirak. Frantziako Gobernuko kide izan arren, ildo beretik jo du Rama Yade Giza eskubideen Estatu idazkariak: «Dena garestitu eta erosteko ahalmena txikitu delako herritarren ondoeza handitu da. Azterketa sakonago bat egiten badugu, herrialdeko aberastasunaren banaketaren auzia ez dela oraindik gainditu konturatuko gara».

Guadalupeko ekonomiaren gaineko kontrola izateaz gain, beke askoren arrazakeria aski nabari da. Horren lekuko izan da, uharteko familia aberatsenetako bateko kide den Alain Huygues-Despointes. Iragan urtarrilaren 30ean erreportaje batean bere arraza zaindu nahi zuela adierazi zuen deplauki. Hitz sinesgaitz horiek Parisen bertan kritika oldea eragin dute, eta epaitzeko bidean jarri dituzte.

Ekonomiaren alorrean hain nabaria den giza desoreka horrek, jakina, ondorioak deragitza gizartean. Hala, langabezia tasa %22koa zen iazko azken hiruhilekoan, Guadalupen; Frantzian, berriz, %7,2koa zen. Halaber, herritar gazteenen artean are handiagoa da langabezia, 30 urte baino gutxiago dituzten %39,8k lanik ez baitute. Beste bizibiderik ez dutenei ematen zaien RMI diru-saria, berriz, herritarren %8k jasotzen dute -%2 dira Frantzian-.

Guadalupen, beste DOMetan bezala, egoera are gehiago makurtzen du funtzionarioek dituzten abantaila bereziak. Horien soldatak Frantzian bertan baino %40 eta %108 handiagoak dira, eta erretiroa hartzen ahal dute 30 urtez lan egin ondoren; Frantzian, orain, 40 urtez lan egin behar da.

185 milioi euro gehiago aurten

Gatazka soziala piztu eta aski berandu esku-hartu du Parisko gobernuak; berriki 87,8 milioi euroko diru-laguntzak iragarri ditu. Horiei aurrez emandako beste 97,5 milioi euro gehitu behar zaizkie. Guztira, beraz, Parisek 185,3 milioi euro bideratuko ditu Guadalupera. Frantziako Gobernuak, baina, uharteko sindikatuek patronalari egindako eskarien inguruan ezin duela esku hartu adierazi du, uharteko sindikalistek exijitutako 300 euroko lansari gehigarriari erreferentzia eginez. Jarrera horrek areagotu egin du Guadalupeko herritarren kexa.

2009. urterako, Parisek 16.500 milioi euroko diru eragilpenak egingo ditu itsasoz bestaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.