Turkiako lehen ministroak, Recep Tayip Erdoganek, diplomazia jardunaldi bizi-bizia izan zuen atzo, Egipton, Tunisian eta Libian egitekoa den bisitaldiko lehenbiziko egunean. Arabiar Ligako Atzerri ministroen aurrean, Erdogan honela mintzatu da, datorren astean palestinarrak Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian egitekoak diren eskaera dela eta: «Palestina onartzea eginbehar bat da, ez aukera bat». Era berean, segurtatu du Israelek galdua duela bakeaz hitz egiteko «sinesgarritasuna».
Erdoganen bisitak bat egin du oraintxe Egipton duten giro latzarekin, ez baita itzali ostiralean Israelen enbaxadaren kontra izandako erasoaren oihartzuna. Kairo saiatzen ari da harremanak normalizatzen Israelekin, baina Erdogan aski oldakor agertzen ari da Netanyahuren gobernuaren kontra: orain dela pare bat aste, hautsi egin zituen harremanak, eta ez die berriz ekingo harik eta Israelek «barkamena eskatu arte» 2010eko maiatzean Gazara heldu nahi zuen giza laguntzarako flotillari eraso eta zortzi turkiar eta Turkiako jatorriko estatubatuar bat hiltzeagatik. Erdoganek «gerra hasteko arrazoitzat» jo zuen erasoa, Al Jazeeran eginiko elkarrizketa batean. Hori esanda eta enbaxadoreak Israeldik aterata, Erdoganek bereganatu egin du arabiarren bihotza, eta eskualdean duen lidergoa sendotu.
Egiptok, ordea, oso bestela jokatu du auzokoarekin. Egiptoarrak kexu dira erantzun ofiziala oso ahula izan delako, aurreko hilean Israelgo hegazkinek sei soldadu egiptoar hil eta gero bi herrialdeen arteko mugan. «Egipto trantsizio garai batean da oraintxe, eta ez dagokio oraingo gobernuari erabakitzea Israelgo Gobernuarekiko harremanak aldatu behar diren ala ez», esan zuen atzo Egiptoko komunikabideetan aritzen den analista politiko eta solaskide ohiko batek, Safuat el Zajad-ek. Antzera mintzatu da Gamal Sultan, ikerketa politiko eta estrategikoetarako Al Ahram zentroko aditua: «Egiptoren eta Israelen arteko bake hitzarmenak oso garrantzitsuak dira bi herrialdeak egonkorrak izan daitezen».
Demokrazia Turkiako erara
Baina Erdogan ez da joan Egiptora, bere gobernu guztiarekin batera, Israel eta Palestinaz bakarrik hitz egitera. Mohamad Hussein Tantaui mariskalarekin ere bildu da —herrialdea gidatzen duen kontseilu militarreko burua da—, baita gobernu zibileko lehen ministro Essam Sharaf-ekin ere. Trantsizio prozesuaren inguruan, Turkiaren babesa agertu die biei, eta inbertsioak handitu egingo dituela hitzeman die. «Historia Tahrir plazan idatzi da», esan du Turkiako lehen ministroak Essam Sharafen aldamenean. Al Shuruk egunkariak atzo argitaraturiko elkarrizketa batean, Erdoganek segurtatu du Egipto indartsu bat egiteko ezinbestekoa dela «giza eta finantza baliabideak hobeto kudeatzea, irakaskuntzari gehiago erreparatzea eta ustelkeria behin betiko bukatzea».
Gainera, Turkia eredu zaio orain Kairori, bere demokrazia islamista, zabal eta toleranteagatik. «Egipto eta Turkia elkarrengana hurbiltzen ari dira, argi eta garbi, eta hori funtsezkoa izango da etorkizunera begira», esan du Safuat el Zajadek, bi herrialdeek ehuntzen ari diren sare ekonomikoari erreferentzia eginaz, Egipto eskualdeko potentzia bat izan dadin. Gamal Sultanen ustez, «Turkia sinetsita dago Egipto aliatu on bat izango dela trantsizioa ondo bideratzea lortzen badu». Bai Safuat el Zajadek eta bai Gamal Sultanek ukatu egin dute bi herrialdeen artean etsaigoa izatea, «bakoitza garapen maila batean baitago».
Larrialdi Legea
Egipton indarrean jarri berria dute Larrialdi Legea bere ondorio guztiekin, Israelen Kairoko enbaxadaren kontrakoa erasoa izan eta gero. Hartu dituzten lehendabiziko neurrietako bat Al Jazeeraren Egiptoko katea ixtea izan da, baimenik gabeko langile eta materialekin lan egiten zuelako aitzakia jarrita. Informazio ministroak utzi egin dio kate berriei baimena emateari, eta mehatxu egin du itxi egingo dituela «zurrumurruak» argitaratzen dituzten komunikabideak. Talde iraultzaileentzat, berriz, iraultza itotzeko modu bat da Larrialdi Legea indarrean jarri izana, eta esana dute kalera aterako direla protesta egitera.
Protestak herrialde arabiarretan
Turkia demokraziarako eredu gisa aurkeztu du Erdoganek Egipton
Trantsizio prozesuan babesa emango duela eta herrialdean inbertsioak handituko dituela hitzeman du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu