Bruselak Turkia Europako Batasunean sartzeko hautagaitzaz abenduan erabakiko duela eta horretan atzerapenik ez dela izango esan zuen atzo EBren zabalkuntzarako komisario Guenter Verheugenek, Ankaran abiaturiko bisita ofizialean. Estu hartzen ari da Brusela Turkia erreforma demokratikoak egin ditzan, hautagaitza onargarritzat jo aurretik. Erlijioen inguruko erreforma horietako batek, ordea, istiluak eragin zituen atzo Istanbulen, Verheugenen hiru eguneko bisitaldiaren lehenengo saioan.
«Benetako ordua hurbiltzen ari da. Oso argi esan dut: ezerk ezingo du atzeratu abendurako aurreikusiriko erabakia», esan zuen EBko ordezkariak Turkiako atzerri Ministro Abdula Gulekin batera emaniko prentsaurrekoan.
Tortura hizpide
Turkiak gauzaturiko erreformen inguruko txostena urriaren 6rako prest izango dela agindu du Europako Batzordeak. Agiri horretan oinarrituko dira EBko estatuburu eta gobernuburuak erabakia hartzeko. Txostena «orekatua, objektiboa eta zintzoa» izango dela agindu zuen atzo Verheugenek, eta «Turkian eginiko aurrerapen izugarriak» kontuan hartuko dituela gaineratu zuen. Agirian, edonola ere, «hainbat alorretan zailtasunak» daudela eta erreformen ezarpena erabatekoa ez dela agertuko da, komisarioaren arabera. Esaterako, Europako Batzordeak Turkian tortura ohikoa dela ikusiz gero «ondorio larriak» izango liratekeela ohartarazi zuen Bruselaren ordezkariak: «Polizia etxetan tratu txarren eta torturen inguruko berriak jasotzen jarraitzen dugu, baina, nire ustez, oso zaila izango da baieztatzea ekinbide sistematikoa dela, iraganean izan den bezala».
Aldaketak egun batetik bestera egitea ezinezkoa dela esan zuen Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak: «Pentsamoldeak aldatu behar dira, eta horrek denbora eskatzen du». Ilunabarrean Kurdistango Diyarbakir hirira bisita egitekoa zen Verheugen.Istanbulen, istiluak izan ziren atzo Poliziaren eta eskuin muturreko ehunka manifestarien artean. Kristau ortodoxoei eskubide gehiago ematearen kontra ari ziren manifestariak. Erlijio askatasun handiagoa eskatu izan dio EBk Turkiari.
EUROPAKO BATASUNA
Turkia EBn sartzeko «benetako ordua» hurbil dela dio Bruselak
Kristauei eskubide gehiago emateko saioek istiluak eragin dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu