Kontrabandoa bizibide bakarrenetakoa dute kurduek Turkiako eta Irakeko estatuak bereizten dituen muga menditsuan. Asteazken gauean, tabakoa eta erregaiak kontrabandoan pasatzen ari ziren 50 lagun inguru hainbat astoren laguntzarekin, Ortasu herrira bidean. Turkiako armadak, baina, F16 piloturik gabeko gerra hegazkinak bidali zituen hara haiei eraso egiteko, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko kideak zirelakoan. Gutxienez 35 lagun hil dituzte, denak zibilak eta gehienak adingabeak. Hasiera batean sarraskia ukatu arren, Ankarak, azkenean, aitortu egin behar izan du zibilak hil dituela.
Elurrak hartuta dago Ortasu inguruko mendialdea, eta anbulantziak sarraskira ahalik eta gehien hurbiltzen ahalegindu badira ere, hildakoen senideek astoen gainean eta traktoreetan jaitsi behar izan dituzte gorpuak, kiskalita gehienak. Zahide Encu sarraskiaren lekura igo den ametako bat da. Aslan Encu 12 urteko semea galdu du Turkiaren erasoan. «Nire seme zaharrak duela zazpi urte galdu zuen hanka bat lanean ari zela mina bat zapalduta. Seme gaztea kontrabandoan ari zen, anaia nagusiaren protesia ordaintzeko dirua lortzeko. Bi petrolio upel erostera joan zen. Ez dugu beste aukerarik kontrabandoan aritzea baino». Hondatuta dago Aslan Encu, hildakoen senide guztiak bezala. Mercan Encu ere minaren minez dago, negar batean: «Nire bi semeak petrolioa erostera joan ziren mugara, baina Turkiako Gobernuak errukirik gabe hil ditu. Bi semeetako zeini negar egin behar diot orain? Kiskali egin dituzte nire semeak».
Recep Tayyp Erdogan Turkiako lehen ministroaren ordez Huseyin Çelik eman du aurpegia, gobernuko AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiko presidenteordeak. Armadaren erasoa «istripu bat» izan dela esan du. «Egiaztatu dugu pertsona horiek ez zirela terroristak, kontrabandistak baizik. Eta ehuneko ehunean kontrabandistak direla jakinda ere, ez dago haiek bonbardatzeko arrazoirik. Gertakari tristea da. Landako Guardien semeak daude hildakoen artean [1980ko hamarkadan Ankarak sortutako paramilitar kurduek osatzen dute Landako Guardia], baita soldadu zahar baten semea ere. Doluminak eman nahi dizkiegu gure alderdiaren izenean».
Zurrumurruak oinarri
Turkiako aireko armadak aitortu du Irakeko lurrean egin duela erasoa, bere mugatik oso gertu egon arren. Azaldu duenez, erasoaren bezperan jasotako salaketagatikegin dute bonbardaketa. «PKK-ko talde bat Turkiara sartzear zegoen zurrumurruak zeuden. Talde terrorista Iraketik gertuen dagoen kuartelari erasotzekotan zen. Inguru horretan, gainera, sarri ibiltzen dira terroristak. Jende talde handi bat muga gurutzatzen ari zen bideoa grabatu zuten gauean, eta horregatik abiarazi zuten operazioa». Çelikek hitz egin baino lehen argitaratutakoa da aireko armadaren azalpen agiria, eta, bertan aitortzen dutenez, «ezin dugu zehaztu talde horretako kideak PKK-ko kideak ala kontrabandista soilik ziren».
Sarraskia istripua edo nahi gabeko hutsa bainoago aurrez antolatutako operazioa izan dela uste du Bahoz Erdal HPG Kurdistango Herri Defentsa Indarretako kideak. Haren esanetan, ezinezkoa da PKK inguru horretan ari dela argudiatzea erasoa justifikatzeko, «erakundeak ez bailuke inoiz ekintzarik egingo zibilek eta nekazariek ohiko pasabidetzat erabiltzen duten eremu batean».
Iritzi berekoa da Gultan Kisanak BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduko kopresidentea ere. «Ankarak oso ondo ezagutzen ditu kontrabandisten ibilbideak. Gerrako hegazkinek euren herritarrei jaurti dizkiete bonbak, eta txikitu egin dituzte. Gerra krimena da hori, gizadiaren kontrako krimena».
Napalmaren zantzuak
Izan dira bonbardaketatik bizirik atera diren kurdu bakar batzuk ere, eta, haien kontaketaren arabera, baliteke Turkiako armadak napalm erregaia erabili izana aire erasoan. «Herrira bueltan ginenean bonbardatu gintuzten. Bonbak bota zituztenean azido usaia zegoen. Bost lagun inguruk lortu zuten ihes egitea eta haitz artean ezkutatzea, baina hegazkinek bonbak jaurti zizkien haiei ere», jakinarazi du Servet Encuk. Hildako 12 urteko Aslan Encu kurduaren amak, gainera, gorpuak guztiz erreta daudela berretsi du: «Gorpua kiskalita dago. Ez nintzen gai nire semea identifikatzeko ere». Sirnak probintziako buru eta BDPko Baki Sondak kidearen arabera, «posible da sarraskian napalm bonbak erabili izana».
Hiru eguneko dolua ezarri du BDPk, eta Selahattin Demirtas alderdiko kopresidenteak gogor egin du Turkiako lehen ministroaren kontra. «Sarraski bat izan da, argi eta garbi. Gertatutakoa ezkutatzen saiatuko dira, baina guk ez diegu lagako». Baxar al-Assad Siriako erregimenaren buruari esandakoa gogorarazi dio Erdogani. Bere herritarrak hiltzen dituen gobernua zilegitasunik gabeko gobernua dela bota zion duela aste batzuk Turkiako lehen ministroak Al-Assadi. «Esaldi berbera esaten diot nik orain Erdogani», adierazi du Demirtasek.
Sarraskiaren kontrako erantzuna berehalakoa izan da Turkiaren menpeko Kurdistango hirietan, baita Istanbulen ere. Diyarbakir hiri kurduan, esaterako, gutxienez 10.000 lagun atera dira kalera Turkiako Gobernuaren kontra protesta egitera, baita Yuksekova hiri kurduan ere. Bietan izan dira istiluak Poliziaren eta manifestarien artean. Diyarbakirren, adibidez, Poliziak ur kanoiekin eta negar gasekin aurre egin die manifestariei, eta harriak jaurtiz erantzun diete haiek.
Gutxienez zazpi lagun atxilotu dituzte, eta hainbat zauritu eragin dituzte, agente bat eta manifestazioan zegoen BDPko Zubeyde Zumrut zinegotzia tartean. Istanbulen ere Poliziak negar gasa erabili zuen ehunka manifestariak sakabanatzeko. Hilketak salatzeko, dendari askok atzo ez zituzten ateak zabaldu Diyarbakir eta Yuksekova hirietan. Gaurko, dena dela, protesta gehiago iragarri dituzte.
Turkiako armadak sarri egiten ditu erasoak Irak iparraldean, PKK-ko kideak han ezkutatzen direlako. Iragan urrian, esaterako, PKK 24 soldadu turkiar hil zituen mugako Cukurca herritik gertu [Ankarako armadak 1993az geroztik jasotako kolperik handiena]. Erantzun gisa, armadak PKK-ko ustezko 36 kide hil zituen Irakeko mugatik gertu. Azaroan, berriz, Iraken menpeko Kurdistango Sulaimaniyah eta Erbil probintziak bonbardatu zituen. Arma kimikoak erabiltzea leporatu izan dio BDPk Turkiari, baina hark ukatu egin izan du beti. 1984an sortu zen PKK, Turkiako Estatuaren mugetan bizi diren 12 milioi kurduen eskubideak aldarrikatzeko. Harrezkero, 45.000 hildako inguru laga ditu gatazkak. Besteak beste, erakunde autonomiko propioa izatea eskatzen diote kurduek Ankarari, baina Erdoganek gogor eusten dio ukazioari.
Turkiak aitortu du 35 zibil hil dituela Kurdistango erasoan
Iraken eta Turkiaren arteko mugako kontrabandista kurduak hil ditu Ankarako aireko armadak, PKK-ko kideak zirelakoanProtestak izan dira hiri kurduetan eta Istanbulen, eta Poliziak gogor erantzun die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu