kurdistan

Turkiak amaitutzat eman du 2013an PKKrekin hasitako bake prozesua

PKK-k berak iragarri zuen su-etenak ez zuela "zentzurik" Turkiak kurduak bonbardatu eta gero. Ankarak eskatuta gaur bildu dira NATOko kideak. Babesa eskaini dio Turkiari; "elkar hartuta egin behar  zaio aurre terrorismoari".

Poliziak azken egunotanko sarekada batean hildako ezkerreko militante baten hileta, atzo, Istanbulen. SEDAT SUNA, EFE
Ainhoa Oiartzabal-Mikel Rodriguez
2015eko uztailaren 28a
07:15
Entzun

Turkiako presidentearen esanetan, kurduak bake prozesuaz "baliatu" dira Turkiari eraso egiten jarraitzeko Irak iparraldetik. "Ezinezkoa da nazio batasunari mehatxu egiten diotenekin bake prozesuarekin jarraitzea". Halaber, NATOri galdegin dio Turkia babes dezala. Txinan bidaia ofizialean dagoela egin ditu adierazpen horiek. 

Han zuzen, gaur egin du goi bilera NATOk. Bilkuraren ostean eginiko adierazpenean, Jens Stoltenberg NATOren idazkari nagusiak "elkartasun osoa" adierazi dio Turkiari Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea osatzen duten aliatu guztien izenean. "Terrorismoa mugarik ezagutzen ez duen mehatxua da munduan, eta nazioarteko komunitateak elkar hartuta egin behar dio aurre". 

NATOk ez du zuzenean parte hartuko Turkiak abiatu duen ofentsiban, baina hari lagunduko diola ziurtatu du. Turkiak eskatuta egin da gaurko goi bilera, haren lurretan gertatzen ari diren eraso "terroristek" eragindako "segurtasunik eza" dela eta.

Gaur ere izan dira kurduen kontrako bonbardaketak, eta bi aldeen arteko liskarrek ez dute etenik izan. Esaterako, sabotaje garrantzitsu bat jasan du Turkia gasez hornitzen duen gasbide batek. 

Erdoganen "estatu kolpea"

Azken egunotan nabarmen okertu da 2013an PKK-k su-etena eman eta Turkiako Gobernuarekin hasitako bake prozesua. PKK-k berak larunbatean esan zuen su-etenak ez zuela "zentzurik" Turkiak kurduak bonbardatu eta gero. Egoera are eta gehiago gaiztotu zen atzo, Irakeko kurduen kontra ez ezik Siriako kurduen kontra ere jo baitzuen Ankarak. Eta gainera, PKKk Turkiako poliziaren kontrako atentatuak egin ditu. 

Iragan ekainaren 7ko hauteskundeetan Turkiako Parlamantuan ordezkaritza garrantzitsua erdietsi zuen HDP alderdi kurduaren ustez, Erdoganek "estatu kope bat" eman du bake prozesuan aurrerapausu handiak eman behar ziren garaian. Izan ere, HDPren arabera, armagabatze prozesua burutu behar zuen PKKk. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.