Turkia eta Israelen arteko harremana hotzagoa da egunetik egunera. Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak defentsa arloan Israelekin dituzten merkataritza harremanak «izoztu» egingo dituztela iragarri zuen atzo. «Gaurtik aurrera Israelekin ditugun harreman diplomatikoak bigarren idazkarien mailara jaitsiko dira. Era berean, merkataritza harremanak eta harreman militar eta defentsa arlokoak ere guztiz izoztuta geratuko dira. Eta aurrerantzean pauso gehiago emango ditugu norabide honetan».
Alabaina, ordu batzuk geroago lehen ministroaren bulegoak haren adierazpenak zuzendu eta argitu zituen: «Erdoganek esan nahi zuena zera da, soilik industria militarrarekin zerikusia duten merkataritza harremanak etengo direla, eta horrek bi herrialdeen arteko trukatze ekonomikoaren zati oso garrantzitsu bati eragiten diola».
Hiru dira Ankara eta Tel Aviven arteko sintonia ona apurtu duten arrazoi nagusiak, Erdoganen arabera, eta horiengatik hartu ditu azken egunetako erabakiak. Iaz Israelek Askatasunaren Flotillari eraso egin izanagatik barkamenik ez eskatzea da bata; eraso hartan hil zituzten bederatzi turkiarren familiei kalte ordainik ez ematea da bigarrena; eta Gazari ezarritako blokeoa ez altxatzea da hirugarrena.
Kalte gehienak, Israelentzat
Turkia eta Israelen arteko merkataritza harremana 2.424 milioi eurotara iritsi zen iaz, 508 milioi euroko balantza positiboarekin Ankararentzat. Bi herrialdeek 1996an Defentsa Industriarako Kooperazio Ituna sinatu zutenetik industria militarra izan da, batez ere, bien arteko merkataritza harremanaren oinarri nagusia. Hortaz, eragin nabarmena izango du Erdoganek iragarritako neurriak.
Orain artean, industria militarrak Israeli eman dizkio etekinik handienak, Turkiari punta-puntako teknologia saltzen baitio—batez ere PKKren kontrako borrokan erabiltzeko—. Ankarak, berriz, ia-ia uniforme militarrak baino ez dizkio saltzen Tel Avivi.
Merkataritza harremanaren izozteak printzipioz Israeli eragingo dizkio galera gehiago; nolanahi ere, Turkiak ere nabarituko du eragina. Piloturik gabe hegan egiten duten Heron hegazkinentzako ordezko piezak, adibidez, Israeli erosten dizkio; Turkia eta Irak arteko muga zaintzeko erabiltzen dituzte hegazkinok. Horrez gain, F-4 ehiza hegazkinen modernizazio proiektua ere atzeratu egin beharko du Erdoganek.
«Turkiako ekonomiak aparteko hazkunde tasa du. Merkatu handia izango da eskualdean, esportatzaile handienetakoa. Garesti ordainduko dugu Turkiarekin merkataritza harremanik ez izatea», esan du Stanley Fischer Israelgo Bankuaren zuzendariak.
Turkiak eten egin ditu defentsako Israelekiko merkataritza harremanak
Ankararen neurria garesti ordaindu beharko du Tel Avivek, Israelgo Bankuko zuzendariaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu