Turkia

Turkiak herrialdeko AIko zuzendaria kartzelatu du

Uztailaren 5ean atxilotu zuten Idil Eser, Turkiako AI Amnesty Internationaleko zuzendaria, beste 11 ekintzailerekin batera.

Idil Eser Turkiako Amnesty Internatioalen zuzendaria. AMNESTY INTERNATIONAL
Berria
2017ko uztailaren 18a
13:07
Entzun

Turkiako auzitegi batek badaezpadako espetxaldia eskatu du Idil Esserrentzat eta beste bost ekintzailerentzat. Turkiako Poliziak duela hamabi egun atxilotu zituen, Istanbulgo hotel batean. Egun hartan atxilotutako lau pertsona karguekin aske utzi dituztela jakinarazi du AIk.

Fiskaltzak "erakunde terrorista baten izenean" lan egitea leporatu die. Ez du, ordea, erakundea zein izan daitekeen zehaztu. Salaketa idatzietan, PKK Kurdistango Langileen Alderdia, DHKP-C talde marxista eta Fethullah Gulenen kofradia erlijiosoa ageri dira. 

Albistea jakin eta berehala, AIk "munduko agintariei" eskatu die Ankarari exijitzeko sei ekintzaileak askatza ditzala. Salil Hetty AIko idazkari nagusiak kezka agertu du Turkian giza eskubideen aldeko ekintzaileen etorkizunaren inguruan: "Gaur jakin dugu giza eskubideak bermatzea delitua dela Turkian".

Aldi berean, ekintzaileak arrazoi politikoengatik atxilotuak izan direla salatu du Hettyk: "Hau ez da bidezko ikerketa bat, baizik eta arrazoi politikoen aitzakiaz egiten ari diren sorgin ehiza bat. Giza eskubideek etorkizun beltza dute Turkian".

Idil Esserrekin batera kartzelatu dituzten pertsonak Gunal Kursun, Ozlem Dalkiran eta Veli Acu ekintzaileak, Ali Gharavi Suediako informatikaria eta Peter Steudtner Alemaniako formatzaileak dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.