Turkiak Iraken menpeko Kurdistani eraso dio azken borroken ondoren

PKK-k dio 109 soldadu eta hamabortz gerrillari hil direla; armadak, berriz, 26 gerrillari eta zortzi militar

Erredakzioa
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Turkiak jakinarazi du Iraken menpeko Kurdistan bonbardatu duela, herenegun PKK Kurdistango Langileriaren Alderdiak egindako erasoaren ondoren. Ankararen arabera, hegazkinek eta helikopteroek «eraginkortasunez» bonbardatu dituzte Kurdistan hegoaldeko PKKren baseak. Herenegun Hakkari probintzian gertatutako borroken inguruan, berriz, datu kontrajarriak eman dituzte PKK-k eta gobernuak.PKKren arabera, 109 soldadu eta hamabortz gerrillari hil ziren bi postu militarrei egindako erasoan. Turkiako agintariek diotenez, baina, zortzi militar eta 26 gerrillari dira hildakoak.

Hakkari probintziak hegoaldeko Kurdistanekin egiten du muga. PKK-k Semdinli eta Yuksekova barrutietako postu militar banari eraso zien. Hildako gerrillarien eta soldaduen zifra dantzaz gain, hamasei zibil desagertuta zeuden Yuksekova barrutian izandako borrokak erdian harrapatu zituelako. Herritar horietako batek Dicle berri agentziari jakinarazi dio, ordea, onik daudela, militarren postu bati hots egin ziotelako haien egoeraren berri emanez, eta soldaduek tiro egiteari utzi ziotelako haiek salbu paratu arte. Hala ere, militarrek bi artzain atxilotu zituztela erran du herritarrak, eta ez dutela haien berririk.

PKK-k iazko udan eman zuen bukatutzat su-etena, Turkiarekiko elkarrizketek huts egin ondoren. Ordutik erabat gogortu dira borrokak, eta Turkiak behin baino gehiagotan egin du eraso Iraken menpeko Kurdistanen,PKK-k handik jarduten duela argudiatuta. Arlo militarraz gain, Kurdistango mugimendu nazionalistaren aurkako errepresioari ere irmo eutsi dio Ankarak, KCK Kurdistango Herri Konfederazioa erakunde politikoko kide izatea egotzita ehunka lagun atxilotu baititu, alkateak eta bertzelako kargu publikoak barne. Iragan hilean, hamar laguni 170 urteko espetxe zigorra ezarri zietenKCK-ko kide izatea egotzita.

BDPren bake eskaera

Gatazka trabatuta dagoela ikusita, Selahattin Demirtas BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdiko kopresidenteak ekintza militarrak bertan behera uzteko eskatu die PKKri eta Turkiako Gobernuari. Egoeraren erantzule agintariak egin ditu Demirtasek, «presioaren eta indarkeriaren bidea jarraitzen dutelako elkarrizketarena eta negoziazioena beharrean».

Espetxeetatik, berriz, PKK-ko eta PJAK Kurdistanen Aske Bizitzeko Alderdiko presoek Recep Tayyip Erdogan lehen ministroaren eta Sadullah Ergin Justiziakoaren dimisioa eskatu dute preso kurduek pairatzen duten egoerarengatik, eta, bereziki, Urfako kartzelako sutearengatik —hamahiru preso hil ziren, denak kurduak—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.