Turkiak kurduen kontrako jazarpena areagotu du elitezko soldaduak bidalita

Ipar Kurdistanen ehunka soldadu bidali dituzte; borroka gogorrak izan dira hainbat hiritan

Erredakzioa
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Diyarbakirren ez da giro. Turkiako armadak elitezko ehunka soldadu bidali ditu mendebaldera eta borroka gogorrak izan dira hainbat hiritan, baita jatorri kurdu eta turkiarreko herritarren artean ere. Siirt herrian gerrillari kurduek poliziaburu bat hil dutela jakinarazi dute iturri ofizialek.

PKKri azken hiru urteetan leporatutako atentatu latzenaren ostean gaiztotu da egoera Ipar Kurdistanen. Dolapedere herrian hamahiru soldadu eta zazpi gerrillari hil ziren ostegunean. Armadaren arabera, gerrillariek esku granadak jaurtitzean hil zituzten soldaduak, segada batean. Firat News agentziaren arabera, aldiz, armadako hegazkinek ingurua bonbardatu zuten eta, erratuta, soldaduak hil zituzten.

Giza eskubideen urraketa

Tentsioa, beraz, gero eta nabariagoa da. Ankaran BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdiko egoitzari molotov koktelak jaurti dizkiote. Eta hainbat hiritan manifestazioak egin dituzte kurduek. Ipar Kurdistanen hamabi eta hamabost milioi kurdu artean bizi dira, eta azken urteetan ez dute bakerik ezagutu. PKK-k 1984an ekin zion borrokari eta orduz geroztik 40.000 lagun hil dira.

IHD Giza Eskubideen Elkarteak argitara eman berri duen txostenaren arabera, berriz, giza eskubideen urraketak etengabeak dira. Sei hilabetetan 16.482 urraketa zenbatu dituzte, iazko epe berean baino 3.263 gehiago. Raci Bilici elkarteko ordezkariaren arabera, egoera kritikoa da. Mila tortura kasuren berri eman dute eta 4.000 atxiloketen berri. Ekainera bitartean atxilotutako 4.015 kurduetatik 1.145 kartzelan daude gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.