Turkiako segurtasun zerbitzuetako iturriek albiste agentziei jakinarazi dietenez, Turkiako armadak PKKko ustezko 21 ekintzaile hil ditu 3.000 soldaduekin burutzen ari den operazioan; hegazkinak eta helikopteroak ere aireratu ditu Goresi mendi inguruan.
Lehen hildakoak astelehean izan ziren, eta hamahiru hil zituztela jakinarazi zuten. Gaur 21 dira jada, eta operazioak irekita jarraitzen duela esan dute. Hildakoen arten komandante bat dagoela esan dute, eta armak eta lehergaiak atzeman dituztela.
Hildakoen artean ere badira zibilak, ordea: atzo bi iturgin hil zituzten PKKko ekintzaileekin nahastu zituztelakoan.
"Kolpe zibila"
Turkiako oposizioak gaur gogor salatu du atzo 35 kazetari PKKrekin zerikusia dutelakoan atxilotu izana. Bakea eta Demokrazia (BDP) alderdiak esan du "kolpe zibila" direla atxiloketak, kolpe militarrarekin alderatuz, eta Turkiako Gobernua nahastu du.
"Gobernuak agindu ditu atxiloketak, eta helburua hedabide libreak zapaldu eta ixiltzea da, baita eurekin bat egiten ez duten prentsa elkarteak ere", adierazi dio Hasip Kaplan BDPko kideak Hurriyet egunkariari. Gaineratu du Justizia eta Garapena (AKP) alderdia 1980ko estatu kolpean Kenan Evrenek eta "junta faxistak abiatutako lana" amaitu nahi dutela".
70 kazetari eta ehunka lagun espetxean
Filiz Koçali BCPko parlamentariak esan du atxiloketak AKPren zapalkuntzaren adierazle direla: "Hasieran polikari kurduen aurka egin zuten, gero abokatuen aurka eta helburua orain kazetariak dira".
Turkian 70 kazetari daude atxilotuta, munduko herrialde askotan baino gehiago. Horiez gain, ehunka lagun daude espetxean PKKrekin ustez lotuta daudelakoan. Aurreko hilean gutxienez ehun lagun atxilotu zituzte.