Turkiako armadak eman dituen azken datuen arabera, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren 152 jomuga bonbardatu dituzte Iraken menpeko Kurdistanen azken hilabetean. «Joan den abuztuaren 17az geroztik, 58 erasoaldi egin ditugu gordeleku, kontrol gune eta arma biltegien aurka». PKKren jarduera «gertutik» jarraituko duela gaineratu du armadak, eta eraso egiten jarraituko duela. Abuztuaren 21ean zazpi lagun hil zituzten Turkiako indarrek Iraken menpeko Kurdistanen, baina horri buruzko daturik ez du eman armadak.
Firat berri agentziaren arabera, Turkiako armadak egindako bonbardaketek hainbat hiritako azpiegiturak hondatu dituzte, eta errepide batzuk itxita geratu dira. «Gure hiriak uztera behartzen gaituzte hala», azaldu du Cotyar Hacik, Iraken menpeko Kurdistanen bizi den lagun batek. Baso batzuk, berriz, kiskalita daude. Irango armada ere ez da atzean geratu. Iturri kurduen arabera, gutxienez 35 hiri txikitu ditu, eta ehunka lagunek alde egin behar izan dute bizi ziren lekutik.
Ankarako atentatua
PKK-k gezurtatu egin du Ankarako atentatua hark egin izana. Asteartean hiru hildako eragin zituen leherketa batek Ankaran, eta agintariek PKKri egotzi zioten erasoa. «Kurduen aurkako gorrotoa areagotu nahi dute erasoa PKKri egotzita, eta gure aurkako erasoak zuritu nahi dituzte», adierazi du alderdiak komunikatu batean.
Atzo gauean, berriz, lau emakume hil zituzten Siirt hirian, Turkiaren menpeko Kurdistanen. Eraso hori ere PKKri egotzi diote, baina erakundeak ez du adierazpenik egin. Agintariek emandako bertsioaren arabera, eraso egin zioten ezkontza batera zihoan autobus bati, handik gertu dagoen Polizia eskolara zihoala pentsatuz.
Turkiako hedabideek zabaldutako informazioaren arabera, berriz, Bitlis hirian polizia bat hil dute polizia etxeari egindako erasoan. PKKri leporatu diote erasoa.
Turkiak PKKren 152 jomuga bonbardatu ditu, armadaren arabera
Ankarako atentatua egin izana gezurtatu du PKK-k; kurduei egotzi diete Siirten lau hildako utzi dituen erasoa ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu