Turkiako armadak PPK Kurdistango Langileen Alderdiko ekintzaileei eraso die Iraken menpe dagoen Kurdistanen.Turkiako eta Kurdistango berri agentziek zabaldu dutenez, herenegun gauean abiatuta hiru orduz bonbardatu zituzten 50 hegazkin inguruk Kandil Mendien bazterrak ekintzaile kurduen aurka. Atzo goizaldean eginiko erasoaldia «garrantzitsua eta eraginkorra» izan zen, Turkiako armadaren arabera. Ekintzaile ugari hil dituela adierazi du. Hala ere, PKK-ko bozeramaile Ahmed Danisek jakinarazi duenez, dozenaka hegazkinek PPK-ren kideak ezkutatuta diren Kandil Mendiei eraso diete, baina ez da biktimarik izan beren artean.
Armadaren hitzetan, zibilei minik ez egiteko eta Hego Kurdistango azpiegiturei kalterik ez egiteko «tentu handia» izan dute hegazkinek. Nolanahi, Turkiako hedabide batzuen arabera, PPK-ren erietxe mugikor bat egongo litzateke bonbek gehien kaltetutako guneen artean. Bagdaden Irak eta Turkiako ordezkariak Kurdistanez hitz egiteko bildu eta ordu gutxi batzuetara egin du Ankarak erasoaldia. Irakeko Kurdistango lurralde autonomoko lehen ministro Netxirvan Barzani ere bilkuran izan zen.
Ankarako legebiltzarrak baimena eman zion armadari urte bateko epean PKK Kurdistango Langileen Alderdiari Turkiatik at erasoak egiteko. Orduz geroztik, hainbat alditan egin dituzte aireko erasoak, baina Iraken menpeko Kurdistanen hainbeste barneratu gabe. Otsailean lurreko ekintza militarra egin zuen astebetez Turkiak Hego Kurdistanen. Gauzak horrela, urrian amaituko da Legebiltzarrak armadari eman zion baimena.
Bestalde, PKK-kobozeramailearen hitzetan, Turkiako eta Irango militarrak ados jarri dira PKK-ri elkarrekin erasotzeko. «Asteazkenean turkiarren eta irandarren arteko bilkura izan zen Irango mugan, erasoen helburuak adosteko». Halaber, AEBetako armadak Turkiari Irakeko kurduen mugimenduen berri ematen dio, abenduan ekintzaileen aurkako erasoaldia abian jarri zuenetik.
Turkiak PPK-ko ekintzaileen kontrako bonbardaketak egin ditu Hego Kurdistanen
Erasoaldian ekintzaile ugari hil dituela dio Turkiak, baina PPK-k dio biktimarik ez dela izan bere kideen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu