Iragan asteazkenean Siriatik jaurtitako obus batek Turkiaren menpeko Kurdistango Akçakale hirian bortz lagun hil zituenetik, Turkiak egunero bonbardatu du Siria, handik jaurtitako obusak mugatik hurbil erori zaizkiola argudiatuta. Mediterraneoko Hatay probintziako gobernadoreak jakinarazi duenez, mugatik 200 metro ingurura erori zen bonba bat atzo, Hacipasa barrutian. Horren ondoren, Turkiako soldaduek mortairuak jaurti zituzten mugaz bertzaldera. Abdullah Gul Turkiako presidentearen arabera, «egoera posible okerrena» gailentzen ari da.
Mugako bi tentsio gune nagusiak elkarrengandik 250 kilometrora daude. Hatay probintzia Mediterraneoko kostaldean dago, Siriako Idlib probintziarekin mugan. Akçakaleko muga pasabidea, berriz, kurduen lurraldean dago. Inguru horretan, hain zuzen, soldaduak hedatu zituen atzo Ankarak. Siriako oposizioko iturriek diotenez, matxino talde batek Turkiako armadaren bortz kamioi ikusi zituen mugan, soldaduz beteta. Turkiako hedabideek diotenez, Akçakaleko hainbat bizilagunek borroken beldur alde egin dute hiritik, eta gobernuak eskolak itxi zituen atzo.
«Siriaren eta Turkiaren arteko mugako gertaeren larriagotzea, eta krisiak Libanon duen eragina hagitz arriskutsuak dira eremu guztiarentzat», ohartarazi du ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. Siriako Gobernuari eta oposizioari armak helarazten dizkieten herrialdeei eskatu die harreman hori eteteko, eta irtenbide politikoan laguntzeko.
Hain zuzen, elkarrizketa politikoa eta adiskidetze nazionala kontzeptuak izenburuan zituela konferentzia bat hasi du Damaskon NPF Fronte Nazional Aurrerakoiak, gaur amaitzekoa dena. Siriako sistema politikoa sortu eta egituratu duen Baath alderdia da NPFko indar nagusia , baina oposizioko hainbat alderdi ere biltzen ditu, ezkerrekoak gehienak. Azmat Allah Kolmahmedov Errusiako enbaxadorea eta Txinako enbaxadako ordezkariak ere bilkuran parte hartu dute. Sana agentzia publikoaren arabera, eztabaidagai nagusiak izanen dira «terrorismoaren aurkako borroka, adiskidetze nazionala, atzerriko esku hartzearen gaitzespena, eta estatuko erakundeen mantentzea».
Turkiak Siria bonbardatu du seigarren egunez
Baath alderdia kide den plataforma batek «adiskidetze nazionala» bultzatzeko konferentzia bat egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu