"Nahita egindako eta aurrez antolatutako sarraski hau Turkiako eta nazioarteko legeen urratze larria da", salatu dute manifestu batean —milatik gora akademiakidek sinatua dute jada—. Bakearen Aldeko Akademiakideen ohar horrek Turkiako armada egiten du kurduen hilketen erantzule, eta kezka agertzen du agintariek "terroristatzat" dituztenen hilketen inguruan.
Hain zuzen ere, asteburuan 18 eta 25 urte arteko hamabi gazte hil ditu Poliziak Van eskualdean. Lekukoen arabera, gazteak ezkutatzen ziren etxera sartu ziren segurtasun indarrak goizaldean, eta buruan tiro eginez hil zituzten guztiak. Operazioak iraun zuen bitartean auzo osoa itxita eduki zuten segurtasun indarrek, eta amaitutakoan sartu ahal zan ziren anbulantziak. Ordurako, ordea, hilak ziren gazteak.