Turkiako armada Iraken menpeko Kurdistanen sartu da, PKKri oldartuz

Washingtonek babestu du Ankararen ekitaldia, baina Londres, Berlin eta EBren kezka eta kritikak sortu ditu

2008ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla kurduari aurre egiteko aitzakian, hamar mila soldadu bidali ditu Hego Kurdistanera -Iraken menpe dago- Turkiak. Herenegun gauean abiatu zuen erasoaldia eta bertatik «helburuak lortu orduko» erretiratuko direla zehaztu du Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak. Erasoaldia, hala ere, «mugatua» dela azaldu du. Gerrillariek soldaduei aurre egin diete, eta borrokak izan dira hainbat alderditan; Bazian, Avashinen eta Zaben. PKKko iturrien arabera, 24 soldadu hil dituzte borroka horietan.

Turkiako armadak zabaldutako argibideen arabera, tropak hamar bat kilometroz sartu dira mugan barrena. Lur erasoaldi honen aurretik, aire armadak eta artilleriak ustez gerrillaren kokaguneak bonbardatu zituzten. Armadak ez du argitu zenbat soldaduk parte hartzen ari diren erasoaldian, baina NTV Turkiako telebista kateak zehaztu zuen hamar mila militar inguru mobilizatu direla ekitaldirako. Azken hamar urteotan lurrez egindako erasoaldia handiena da oraingoa. PKK gerrilla kurdua 70. hamarkadan sortu zen eta 1984. urtean ekin zion borroka armatuari. Kurdistan independentea aldarrikatzen du gerrillak, hau da, estatu propioa. Abdula Ocalan buruzagi kurdua 1999. urtean atxilotu zuen Turkiak.

Hoshiar Zebari Irakeko Atzerri ministroak -kurdua da- tropa turkiarrak Iraken menpeko Kurdistanen sartu zirela baieztatu du, baina, ez du uste erasoaldi handi bat denik: «Ehunka dira, ez milaka, oldar egite horretan parte hartzen ari diren soldadu turkiarrak; izan ere, eskualde baztertu horretan ez da erraza borroka egitea garraiorako azpiegitura oso gutxi dagoelako».

Erdogan Turkiako lehen ministroak erasoaldiaren xedea zein den jakinarazi du: «Egitasmo bakarra daukagu gure herritarrak, gure mugak eta gure lurraldearen osotasuna zaintzea». Bagdadi eta Washingtoni erasoaldiaren berri eman diela jakinarazi du Erdoganek: «Nuri al Maliki [Irakeko lehen ministroa] deitu dut lehenik jakinaren gainean jartzeko eta George Bushi [AEBetako presidenteari] hots egin diot gero egoeraren berri emateko».



AEB-EN BABESA; EUROPARREN KEZKAK. Washingtonek, hain zuzen ere, ez dio kritikarik zuzendu Ankarari. Scott Stanzel Etxe Zuriako eledunak aholku bi baino ez diotela eman adierazi du: «Ekitaldi militarra ahalik eta mugatuena izatea eta soilik gerrillari taldea izan dezala jomuga». Europatik, baina, ahots kritikoagoak jaso ditu Turkiak. Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak tropak erretiratzeko deia egin dio Ankarari. PKKren «ekintza terroristak»; hala ere, gaitzesten dituela zehaztu eta, era berean, gerrillariei aurre egiteko nahia ulertzen du Londresek. Alemaniak, berriz, nazioarteko zuzenbidea errespetatzen eskatu dio Ankarari: «Horixe izan beharko luke edozein ekintzaren irizpide nagusia».

Javier Solana Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi komisarioa, bestetik, kezkatuta agertu da: «Turkiaren kezkak ulertzen ditugu, baina erasoaldi hau ez da, gure iritzian, eman zitekeen erantzunik egokiena». Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ere erasoaldia gaitzetsi du.



«Daukagun egitasmoa, gure herritarrak, gure mugak eta gure lurralde osotasunaren zaintzea besterik ez da»

Recep tayyip erdogan
Turkiako gobernuburua
«Turkiaren kezkak ulertzen ditugu, baina erasoa ez da, gure ustez, eman zitekeen erantzunik egokiena»

javier solana
Eb-ko diplomazia goi arduraduna




Zibil kurduak

erasoen jomugan
PKKren erasoak amaitzeko aitzakian Iraken menpeko Kurdistan bonbardatzen du Turkiak, erasoetan, ordea, zibilak dira biktimak.
arantxa elizegi

Kolpetik jaiki zen Auat Kadir 2007ko abenduaren 16an. Goizaldea zen, eta ez zuen oraindik argitu Zargalin. Leherketak entzuten ziren nonahi, eta etxea gainera eroriko zitzaiela zirudien. Ezer hartzeko astirik gabe, mendira ihes egin zuten Kadirrek eta senarrak, bi semeak eskutik helduta. «Leihoak eta sarrerako atea txikituta geratu ziren. Auzokoek ere ihes egin zuten, bonbaren bat etxe gainean eroriko zitzaien beldur», azaltzen du Kadirrek. Gaur egun ia hutsik geratu da herria, eta auzokoak senide edo lagunen etxeetara joan dira. Kadir eta bere familiak Khanaka bailaran jarraitzen dute, baina beste herri batean. Gela txiki batean bizi dira eta beste bi familiekin partekatzen dute.

Zargalin egindako bonbardaketa «arrakastatsua» izan zela nabarmendu zuen Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek. PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren hainbat ezkutaleku suntsitu zituztela esan zuen, ez zela biktima zibilik izan. Kadir eta bere familia ez dira «biktimak» Ankararen ustez.

Kurduen eskubideen aldeko mugimendu gisa sortu zuten PKK 1970eko hamarkadan, eta urte batzuk geroago -1984an- hasi zuten Turkiaren aurkako borroka. Geroztik 37.000 lagun hil dira, asko zibilak. Arazoa da, ordea, Ankarak talde terroristatzat duela erakundea, eta ez dagoela inolako negoziaziorik hasteko prest. Nahiago du borroka armatua. Hori nahikoa ez, eta Bagdadek ez du ezer egiten Irakeko Gobernuaren menpeko Kurdistan defendatzeko. Erasoak salatzera mugatzen da.

Kritikei aurre eginik, soilik terroristei erasotzen diela erantzuten du behin eta berriz Ankarak. Zargaliko herritarrak, baina, ez datoz bat. «Saddam joan zenean gure sufrimendua amaitu zela pentsatu genuen. Irakiar guztiak -bereziki kurduak- pozik eta lasai geunden. Orain ikusten dugu denak dabiltzala aitzakien bila guri arazoak eragiteko, nahiz eta gu gure lurraldean egon», dio Zargaliko alkate Ismael Abdulak. Hark eta haren auzokoek ukatu dute Khanaka bailaran PKKko kideak ezkutatzen direla, nahiz eta Ankarak aurkakoa esan.



AMAIGABEKO BORROKA.AEBek Irak inbaditu zutenean, 2003an, kurduak aliatu izan zituzten. Orain Turkiak Iraken menpeko lurraldearen zatia bonbardatzen duenean, Washingtonek ez du ezer egiten. Etxe Zuriak ere terroristatzat du PKK. Horiek hala, talde armatuaren aldekoak ugaritu egin dira azken hilabeteetan, haiek direlako kurduen alde borrokatzen diren bakarrak. «Ez dugu uste operazio militarrek emaitzarik lortuko dutenik», dio Fala Mustafa Bakirrek, Irakeko Kurdistango Atzerri Ministerioko eledunak.

Erasoek herritar askoren haserrea eta gorrotoa areagotu dute. Asko borrokatzeko prest daude. «Turkiak erasotzea erabakitzen badu, jendeak armak hartu eta aurre egingo dio, nahiz eta lehendik ere nahikoa gerra izan ditugun. Espero dut nazioarteak aurre egingo diola Turkiaren harrokeriari, eta babestuko gaituela», dio 27 urteko Duan Jamaleldin Garibek. Hala ere, askok nahiago lukete Turkiak armak utzi eta elkarrizketak bultzatuko balitu. «Ezin du jarraitu milioika kurduen eskubideak ukatzen», dio Mateenek, 50 urteko kurduak.



«Ikusten dugu denak dabiltzala aitzakien bila guri arazoak eragiteko, nahiz eta gu gure lurraldean egon»

ismael abdula
Kurdistango Zargali herriko alkatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.