Oposizioa desegin du Recep Tayyip Erdogan presidenteak estatu kolpe saioaren haritik tiraka, edo horretan ari dela esanez. Duela urtebete, Erdogan atzerrian zela baliatua, militar talde batek Turkiako hainbat hiri hartu zituen, "demokrazia babesteko" argudioarekin. Gertatutakoaren berri izan orduko, lasaitasunerako deia egin zien estatuburuak herritarrei bere sakelakoarekin grabatutako bideo baten bidez. Han ohartarazten zuen "garesti" ordainduko zutela egindakoa. Hitza bete du.
Erdoganen gertukoek adierazi zuten "estatu kolpe saioaren ondorioz" hil zirela 200 pertsonatik gora, eta harekin zerikusia izan zuten 7.500 pertsona atxilotu zituzten ordu gutxian, gehienak poliziak eta soldaduak. Atxilotuen artean zen Akin Ozturk jenerala, Erdoganen aldekoek kolpearen buruzagitzat dutena —hark ukatu egin zuen halakorik—.
Geroztik urtebete igaroa da, baina errepresioak bere hartan dirau. Oposizioaren arabera, 150.000 funtzionario kaleratu dituzte disidentziarekin harremanak dituztelakoan. Horretaz gainera, beste 50.000 pertsona atxilotu dituzte, gehienak oposizioko kideak.
Gaurko egunez, Gobernuak "aro berri" gisa definitu duena ospatzeko, Erdoganen aldeko manifestazio ugari antolatu dituzte. Estatuburua bera Istanbulen izango da, haietako batean. Han monumentu bat inauguratuko dute, "martirien omenez". Ondoren, saio berezi bat egingo dute Legebiltzarrean, estatu kolpe saioa hasi zen ordu berean, Euskal Herrian gauerdia denean.